AMAGOIA MUJIKA
IRITZIA

Langile konplizeak

Nire aurretik sartu da okindegira. Daukan ogirik samurrenaz galdetu dio ogi-saltzaileari, neska gazte irribarretsu bat. «El pan más blandito que tengas», esan dio. Hitz egiteko maneran eta sorbaldatik zintzilik daraman poltsaren larruan eta prezioan -oso garestia dirudi- sumatu dut ez garela eskailera sozial berekoak. Señora elegante tente bat da.

Okindegiko ogirik samurrena atera dio. Emakumea, isilik, pentsakor. Segundo batzuetako isilunea oso luzea bihurtzen da okindegi batean, erritmo biziko tokia baita. Azkenean, ogi horrek ez dirudiela oso samurra esan dio. Berriz, isilik eta pentsakor. Ni, atzean, aztoratzen. Ogia aukeratzeko ariketa seko zirraragarria bihurtzen ari da. Ogia biltzeko paperean sartu du neska gazteak eta “ukitzeko lasai” esan dio, benetan ogi samurra dela. Ukitu du señorak eta ezetz, ez dela hain samurra. Buelta eman eta okindegitik atera da; ez ogirik, ez eskerrik, ez agurrik.

Nire txanda. Ogi horixe jartzeko esan diot, dagoeneko paperean bilduta dauka eta. Ogi-saltzaileak eta biok ez dugu elkar ezagutzen, baina begiratu hutsarekin elkar ulertu dugu, toki berekoak garelako, langileen lur eremu horretakoak. «Denerako jendea dago neska», esan diot. «Bai, egia», berak, haserre.

Gure aurrekoek erakutsi digute langilea, lanean dagoena, errespetatu egin behar dela beti. Erakutsi digute lan guztiak eta, beraz, langile guztiak direla garrantzitsuak. Lanean dagoenari ez zaiola enbarazu egiten eta, ahal dela, lagundu egiten zaiola. Lanean dagoenaren azalean eta zapatetan jartzen erakutsi digute, gu ere langile xumeak garelako, bihar lanerako zapatak jantzi beharko ditugunak. Jendetasuna dela esango nuke, jendea ikusteko gaitasuna. Gure señorak -ez tenteak, benetakoak baizik- ez lirateke ogirik erosi gabe aterako. Edo, behintzat, langileari bere ahalegina eskertuko liokete dotoreziarekin eta gozo.

Jendetasun falta jendarte batean izan daitekeen gaitzik txarrena da. Horretarako txertorik ez dago, su suabean landu behar da jendetasuna, umetatik. Eta konturatuta nago ez dela bakarrik eskailera sozialen kontua, ez dela bakarrik señora elegante tente batzuen gaitza. Langile xume askok ere beste langileak ikusteko zailtasunak dituzte batzuetan. Beldur naiz langileen arteko begiratu kolektibo eta konplize hori lausotzen ari ote den. Zerbitzu bat ordaintzen duzunean ez zara langile horren jabe bihurtzen. Besterik gabe, adibidez, ez da asko kostatzen terrazako basoak jasotzea. Eta bai, ogia oso samurra zegoen.