Parentesiez
S.apurgarria,
Gorritu dira ortuko tomateak, lau urte bete ditu zure semeak, Remedios Zafrari eginiko elkarrizketa irakurri duzu, egunkariak argaldu ahala ari zaizu gizentzen irailetik aurrera egin beharrekoen zerrenda, Olinpiar Jokoak hasi dira Parisen, polizia-kontrolak ugaritu mugan, apenas jotzen duen telefonoak, edozein aitzakia asmatzen duzu ordenagailuaren aurrean ez jartzeagatik... Uda dela sinetsi duzu, oporretara joan direla denak, bakoitza bere itsasertzera, bere toallara, bere baitara. Terrazak gainezka dauden arren, behialako karrika desertikoak iradokitzen dizkizu gomutak. Askotan gertatzen zaizu errealitatea ikusten duzuna ala gogoratzen duzuna den ez jakitea. Hareazkoak izanagatik, zure gazteluak behar dituzu zuk ere. Baina ez, lehengoa ez da beti hobea; etorkizunak ez du zertan okerragoa izan.
Uda da. Ezkatak atera zaizkizu azalean. Jada inor ez da Sanferminetako sexu-erasoez mintzo. Trumpek berriro hauteskundeak irabaziko dituen galdetzen duzu inguruan, noiz izango den berriz Palestinaz idazteko ordua, Espainiako zenbat kamiseta ikusiko dituzun ikasturteko lehen egunean, zergatik dirudien errazagoa BEC ala Navarra Arenako sold outak herriko plazaren betekadak baino eta, ezinbestean, zer ekaitz ezkutatzen duen barealdiak. Gutxiago pentsatu behar zenukeela otutzen zaizu gero, arinago bizi, ezaxola ibiltzen ikasi. Leila Guerrieroren “La llamada”-k eragindako zirrarak ez al du zure uda justifikatzen? Zenbat mendi-txango behar dituzu zure oskola endorfinaz berdintzeko?
Ireki parentesia. Galderak egin eta adi egon. Entzun ea erantzunik datorren, entzun arrapostuak ihesi, entzun ziurtasunak erortzen, entzun noraezaren oihartzuna, entzun ideia berri bat sortzen. Entzun, dramarik egin gabe. Ez zara bakarra, ez duzu zertan berezia izan. Asko zarete zorne beretik edaten duzuenak. Ez tematu gabezia pertsonalak kausa sozial bihurtzen. Kabitu zure kautan. Itxi parentesia.
Nondik datorkizu denetan parentesiak ikusi beharra? Udaz ari natzaizunean (d)udaz eta (g)udaz estutzen didazu zintzurra. Ez dizut dudak eta gudak ez dutela oporrik hartzen aditu nahi. Aspertu zaitez behin, aspertu berriz, jarri garuna “hegaldi moduan”. Badakit udan batzuek ez daukatela oporrik, lana falta zaiela besteei, jaiotzen direla umeak, bereizten bikoteak, ez direla eskelak urritzen. Ez iezadazu lehendik dakidanik aipatu. Zu zara parentesi hutsaren beldur dena.