Garazi Aranguren
ARKITEKTURA

Arrezife artifizialak

Koral arrezifeak arrisku larrian daude, eta, horiekin batera, ozeanoetako ekosistemak. Eremu horiek salbatzen saiatzen ari diren enpresak daude. Reef Design Lab industria diseinu estudioak suntsitutako habitat naturalak berreskuratzeko azpiegiturak garatzen ditu teknologia berrien laguntzarekin.

EMU-ak (Erosion Mitigation Unit).
EMU-ak (Erosion Mitigation Unit). (Reef Design Lab)

Ozeanoen azidotzeak, ibaietako jalkitze jariatzeak, arrantza praktika suntsitzaileak eta klima aldaketaren ondoriozko ozeanoko tenperaturen berotzeak koralezko arrezifeetan kalte handiak eragin dituzte, hauen heriotza ekartzeraino. Arazo honek gure ozeanoetako ekosistema gehienen amaiera iragartzen du, eta jakina da honek eragin zuzena izango duela lurrazaleko bizitzaren zati handi batean, hauen artean giza espeziean.

Egoeraren zorroztasunaz erabat jabetzen direnentzat lehentasunezko gaia bihurtu da arrezifeak salbatzea, eta honexegatik mundu mailan hainbat iniziatiba egon dira eremu hauek lehengoratzeko moduak bilatzeko.

Honetan dabiltzan milaka enpresetako bat Reef Design Lab diseinu industrialeko estudioa da. Diziplina anitzeko diseinu enpresa honek urteak daramatza ikertzaileekin lankidetzan, itsas habitatak aztertzen eta ekosistema hauek berrorekatzeko azpiegiturak garatzen.

Beren prototipoei bizia emateko 3D inprimaketa teknologiak ibiltzen dituzte. 3D inprimaketa fabrikazio gehigarriko teknologia bat da, non hiru dimentsioko objektu bat material geruzak gainjarriz sortzen den. Existitzen diren bestelako fabrikazio teknologiekin alderatuta, 3D inprimaketak detaile maila handiko objektu korapilatsuak sortzea ahalbidetzen du, mundu naturalaren konplexutasuna imitatzeko egungo tresnarik onenetakoa bihurtzen duena. Gainera, fabrikazio epe laburrek, sortutako hondakin urriak eta aldiro pieza pertsonalizatuak sortzeko aukerak prototipaziorako eta ikerketarako tresna itzela bihurtzen du.

Hau horrela, Alex Goat eta bere kideek munduko kostalde ezberdinak ikertzen ari dira, bakoitzaren beharrak aztertu eta diseinu soluzio pertsonalizatuekin erantzuteko.

Diseinu hauetako bat, MARS (Moludar Artificial Reef Structure) izena hartzen duena eta Alex-en graduondoko proiektua izan zena, lego-multzo baten antzera muntatzen den hiru dimentsioko sareta bat da. 3D inprimaketa bidez gainazaleko geometria zimurtsuko lehen azal zeramiko bat sortzen da, itsas azpiko giro korrosiboei aurre egiteko material egokia dena. Ondoren molde huts hauek itsas hormigoiz eta altzairuzko errefortzuz betetzen dira, korronteen aurrean erresistentzia ematen diena. Pieza hauen tamaina eta pisua txalupan garraiatu eta urpekari batek bere tokian muntatu ahal izateko kontrolatzen da, eta, azpiegitura eraikita dagoenean, kontu handiz koral zatitxoak eransten dira gainazalean, denborarekin kolonia berri bat sortu dadin eta bien bitartean animalia handiagoen babeslekua izan dadin.

Arrezife artifizial hau Maldivatako Summer Island-eko kostaldetik gertu kokatu zen eta 2018 Guinnesseko Munduko Errekorra lortu zuen, 3D-inprimatutako zeramikazko arreziferik handiena izateagatik.

Beste adibide bat EMU-ak (Erosion Mitigation Units) dira, Australiako Port Phillip Bay-eko kostaldeko higadura murrizteko eta itsas bizitzarako habitat bat sortzeko diseinatu zirenak. Molde berrerabilgarrietan hormigoi eta ostra-oskol nahasketa bat isuriz sortzen dira piezak, arrezife harritsu formak imitatuz. Erdi urperatuak gelditzen diren elementu hauetako tunel eta kobazuloek animaliatxoei babeslekua eskaintzen diete itsasgoretan, eta putzu gordelekuak itsasbeheretan. Bestalde, gainazal koskadunari eta oskoldunari esker, gainazaleko espezieek bertan kolonizatzea errazten da epe oso laburrean, emaitza bikainak eman dituen prototipoaz.

Azken adibidea, Living Seawalls izena hartzen duena, itsasoko hiri egiturek suntsitutako habitat naturalak lehengoratzeko ekimen bat da. Geometria ezberdinetako panel hauek kostako hiriguneetan aurkitzen ditugun dike, olatu-horma eta bestelako egitura artifizial gogorrei itsasten zaizkie, horrela itsas alga, muskuilu, krustazeo eta bestelako itsas animalien habitat aukerak zabalduz. Panel hauek hedapen ozeanikoaren ingurumen inpaktuak murrizteko, itsas ingurumenari buruzko kontzientzia zabaltzeko eta ozeanoak garbitzen laguntzeko diseinatuta daude.

Argi dago teknologia berriek eta ikerketan oinarritutako diseinuek inpaktu onuragarri bat izan dezaketela gure ingurumenean, eta, sistema hauek eremu askotarikoetara zabaltzen baditugu, onurak ere bizkorrago topatuko ditugu.