Alienen atzaparren aztarnei segika
Hans Ruedi Giger artistari eskainitako erakusketarik garrantzitsuenetakoa da «Beyond Alien» proiektua, Turinen otsailera arte ikusgai dagoena. Giger XX. mendeko bigarren erdiko sortzaile esanguratsuenetako bat izan zen, eta orain Alienen unibertsora hurbilketa sakona prestatu dute, maiatzean haren heriotzaren hamargarren urteurrena bete ondoren.
Ehun pieza original baino gehiagok osatzen dute «Beyond Alien» erakusketa: tartean dira margolanak, eskulturak, marrazkiak, argazkiak, diseinu objektuak eta Suitzako Giger Museoan ikus daitezkeen bideoak. Artistaren munduan barneratu eta pieza ikonikoenetako batzuk ikus daitezke bertan, baita Gigerren lanaren alderdi ezezagunenak ere. Erakusketa lau ataletan banatuta dago, hain zuzen, artistak garatutako arlo garrantzitsuenetan inspiratuta: zinema, musika, surrealismoa eta beldur kosmikoa.
Publiko orokorrarentzat, «Alien» saileko filmetako irudiak sortu zituen artista izan zen Hans Ruedi Giger. Izan ere, estilo bereziko artista polifazetikoa zen –«biomekanikoa», berak esaten zuen bezala–, esperimentuen gainean esperimentatzen zuena. Erakusketa hau hil zenetik hamar urte betetzen direnean gauzatu da, eta surrealismoan, zientziafizkioan eta irudi gotiko garaikidean berebiziko eragina izan zuen maisu suitzarraren ibilbide osoa jasotzeko diseinatu da.
H.R. Giger azken urteetako sortzailerik iradokitzaile eta erakargarrienetako bat izan zen, eta haren lanak lilura izugarria pizten du oraindik ere hainbat sektore artistiko underground-etan. Nortasun gatazkatsua zuen artista izan zen, azken lau hamarkadan artelan oso pertsonal, deigarri eta ikonikoak garatu zituena. Bere unibertsoa guztiz iluna da, surrealismo berezi bati esker, harroa eta oparoa, mekanikoa eta anatomikoa, aldi berean izua eta miresmena pizten dituena.