JOKIN URAIN
IRITZIA

Lehenean

Aldaketak beti du berarekin deserosotasuna, ezezaguna ohi delako, arriskutsua izan daitekeelako, aurreikuspenek ere ez dutelako dena asmatzen. Beharrezkoa eta ezinbestekoa izan arren askotan, aldaketara bidea hartzeak, betiko noranzkotik aurreneko aldiz bide berria hartzeak, nahigabea ez bada zorabioa eragiten digula dirudi, iragana ukatzea edo galtzea legez ulertzeko joera dugulako batzuetan.

Lehenean jarraitzeak ematen digu ziurtasuna, erosotasuna, baita jarraipen horrek lardaskeriara garamatzanean ere. Baina hortxe eroso, eta segi norbere egoskorrean eta egonkorrean, aldi berean beste guztiei aldaketa eskatzeari utzi gabe. Besteen aldaketak norbere narraskeria estaliko duen itxaropenean. Denboraren mirarietan sinestea da, baina, iraganaren zuloan hondatuta zenbat gauza on eta txar geratzen diren ikusita, ez da harritzekoa.

Denboraren mirarietan sinesmen apur bat izan behar du Gobernu espainolaren EAEko delegatu Marisol Garmendiak. Guardia Zibila aurreneko aldiz Gasteizko kaleetara desfilatzera aterata ospatu zuen urriaren 12a, lehen arrazaren eguna deitzen zioten horixe bera. «Aurreneko aldi asko egiten ari gara, eta bigarrenak eta hirugarrenak normaltasun osoarekin izango diren konfiantza dut», mehatxu egin zuen, goraka arituz Guardia Zibilari, erregeari eta Espainiari.

Argi esan zuen terrorismoaren eta indarkeriaren biktima denak asumituta dauzkatela Espainiako Gobernuak eta demokrata guztiek: «Betikoak dira hau onartzen ez dutenak, intoleranteak eta iraganeko diskurtsoetan ainguratuta daudenak». Besteak, alegia, baina ez beraiek. Ez du ematen aldaketarako borondate handirik duenik delegatu andereak. Duela hiru hamarkada inguru Garmendiaren alderdikideek eta enparauek oso ohikoa zuten mantra hura ekarri du gogora: «Guk, betiko demokratok» eta gisako sarrera hitzekin hasten zuten edozein diskurtso eta adierazpen, eta elkarrizketetan azpimarratzen zuten batik bat.

Aldaketa deserosoa litzateke, zorabio larri samarra eragiteko modukoa seguru asko, halako ekitaldi batean aurreneko aldiz botatzea, esate baterako: «Begira, hauen artekoak dira hemen 4.000 inguru herritar torturatu dituztenak, batzuk heriotzaraino torturatu dituztenak. Begira, hauek…». Erosoagoa zaie lehenean jarraitzea, arrandiarik handienarekin eta epaileen eta gotzainen bedeinkapenarekin, iragana estaltzen.