AMAIA URIBE
IRITZIA

Trump vs Harris

Estu datoz Estatu Batuetako hauteskundeak. Oso estu. Estuegi gauza onerako. Estatu gutxi batzuetan erabakiko da nor izango den irabazlea, eta ez dago alde handirik Kamala Harrisen eta Donald Trumpen artean. Sinestezina dirudi, baina Kapitolioko oldarraldia sustatu eta 34 delitugatik inputatu duten showmana Etxe Zurira irits daiteke berriro. Esaten da bigarren parteak ez direla onak izaten eta, Trumpen kasuan, beldurra ematen dit bigarren agintaldi batek. Lehenengoan nahi zuen guztia egin zuen: diplomazia leherrarazi zuen, nazioarteko akordioak hautsi zituen, muga zergak ezarri zituen eta harresia eraiki zuen Mexikoko mugan. Eta are trumpkeria handiagoak egin ditzake bigarren aldiz presidente izan eta berriro aurkezteko aukerarik ez duela jakinda.

Korrespontsala nintzenean, beti galdetzen zidaten: “Nola demontre irabazi zuen Trumpek?”. Bere mitin batera joatea besterik ez dago erantzuna zein den jakiteko. Trump jainkotuta dute jarraitzaileek eta haren esanak sinesten dituzte egia bailiran. Bai. Badakit zer pentsatzen ari zareten: “Nork sinetsiko du Haititik etorritako etorkinak estatubatuarren txakurrak eta katuak jaten ari direla?”. Bada, sinesten dute. Gogoratu, pandemian, Trumpek lixiba edateko proposatu zuenean, dozenaka lagun eraman zituztela ospitalera. Beldurraren diskurtsoa inork baino hobeto erabiltzen du Trumpek. Mitin guztietan izua zabaltzen du jarraitzaileen artean: “Migratzaileak gu inbaditzen ari dira”, “demokratek ekonomia suntsitu dute”, “Kamala Harrisek irabazten badu, Amerikaren balioak pikutara joango dira”. Errepikatu eta errepikatu, mezu hori barneratzen dute jarraitzaileek, eta zalantzatiak ere bere alde bozkatzera eraman ditzake Trumpek. Kanpainaren azken txanpa honetan, gainera, indarra hartzen ari da afroamerikarren eta latinoen artean.

Txanponaren beste aldean Kamala Harris dago. Presidenteorde ikusezina izan da eta historiako onarpen maila baxuenetakoa izan du. Ziurrenik, Joe Biden lehenago erretiratu izan balitz, primarioak egongo ziren eta Kamala ez litzateke hautagaia izango. Baina Biden zegoen moduan ikusita, edonor zen bera baino hobea, eta alderdia batu egin da hautagai berriaren inguruan. Bidenekin galduta zegoen ilusioa berpiztea lortu du Harrisek. Hollywoodeko aktoreak eta abeslari ezagunak honen aldeko botoa eskatzen ari dira. Gazteen eta emakumeen babesa dauka, eta Trump gorroto duten errepublikanoek ere Harrisen alde bozkatu dezakete.

Hautagai demokratak irabazten badu, gauzak ez dira gehiegi aldatuko. Estatu Batuek Netanyahu babesten jarraituko dute eta Bidenen bidea jarraituko du Harrisek. Baina herrialde matxista eta arrazista horretan presidentea emakume afroamerikarra izateak inflexio puntu bat ekar dezake eta emakumeentzat aukera berriak zabaldu daitezke lan munduan eta gizartean. Igarriko zenuten, beraz, noren alde nagoen hauteskunde hauetan!