Sustrai Colina
IRITZIA

Gabonez

S. apurgarria,

Urteko azkena da hau. Gabonak gustatzen zaizkizula konta zenezake, semeen ilusioa zure egiten duzula, gurasoekin bazkalondoa luzatzeak beste dimentsio bat duela orain, urrun bizi denarekin hartutako bermutak «oraindik bagara!» egiten duela aldarri, zilegi dela beste denbora batean bizi nahi izatea, ez dagoela egun txarrik Keum Suk Gendry-Kimen “Mañana sera otro día” irakurtzeko, opor-giroak lainezatuta dabilela entzulea bertso saioetan.

Eguberriak abolitzearen alde idatzi dezakezu: antzeztearen antzeztez ispiluak pitzatzear direla, ez dagoela zorionaren apologia baino tristeagorik, gehiagotasuna eta gehiegikeria digerigaitzak zaizkizula, ez dituzula gabonetako argiak behar Alana S. Porteroren “La mala costumbre”-ri begiak eskaintzeko, desiratzen zaudela ibai ertzetik lasterka hasteko berriz.

Haurra zinela A-rekin pasatutako eguberriak oroitu ditzakezu, opariak zabaltzeko zuk baino presa handiagoa izaten zuela amatxik, grazia egiten zizula helduenak botikak xanpainarekin hartzen ikusteak, euskal selekzioaren partidara eramaten zintuela aitak, oporretan zegoen amak ez zuela etxean telefonorik hartzen.

Gogoratu dezakezu ez zinela haurra Barajasen su-etena zartatu zenean, gabonetako paketean aitak prestatutako indabak sartzeko eskatzen zuela E-k espetxetik, etxeratzeko agindua zegoela Saioara mahuka motzetan igo eta afaltiar kopuru inposatuari men eginez pizzak afaldu zenituzten urtezahar hartan. Urteko azkena da hau, amatxik adinekoen egoitzan amaituko duen lehen urtea.

Badakizu amaiera honek hasiera berri bat ekarriko duela. Ez dakizu euskal selekzioa lehenetik ala azkenetik dagoen gertuago. Badakizu Bizkarsoron bizitzen segituko duzula. Ez dakizu zure baitan guztiz kabituko zaren. Badakizu irudimenez eta pozetik aurre egiten zaiola desesperantzari. Ez dakizu amore emateko ausardiarik izango duzun. Badakizu E etxera itzuli zela. Ez dakizu A noiz bueltatuko den. Badakizu zure zaurien, bizipenen, sinesmenen eta hutsuneen arabera jokatuko duzula aurrerantzean ere. Ez dakizu gainontzekoak ere hala ari direla ikusteko gai izango zaren. Badakizu bortxa ez dela desagertuko. Ez dakizu zer egin bortxa horren parte ez izateko. Badakizu urteko azkena dela hau. Ez dakizu hurrengo urtean zutabe honek balioko duen.

Nola asumitu, etengabe, ez dela ezer amaitzen, beti ari dela hasten? “Urte zahar on!” opako nizuke, etorkizuna iragan on bat desiratzea balitz.