Isiltasuna apurtu, gure kontakizuna zabaldu
Baimenik gabeko ukitze bat. Anonimoa. Jazarpen psikologikoa. Anonimoa. Eraso fisiko, sexual eta ahozkoak. Anonimoa. Senarrak konortea galdu arte drogatu eta ondoren dozenaka gizonek bortxatzea. Gisele Pelicot. Baimenik gabeko muxu bat, salaketa, jazarpen mediatiko eta soziala. Jenni Hermoso. Zaplazteko bat nerabezaroan. Anonimoa. Gizon helduen begirada lizuna umetan. Anonimoa. Krak. Isiltasuna apurtu da.
Lotsak eta beldurrak bultzatuta urteetan ezkutatutakoari izena eta ahotsa jarri diogu. Orain arte bakarrik eremu intimoenetan kontatutakoak publiko egin ditugu. Negazionismoari eta patriarkatuari aurre eginez, sare sozialak kontakizun feministaz elikatzen ari gara. Espainiar Estatuan Iñigo Errejonen aurkako salaketak eraman zuen lehen lerrora atzetik zetorren lanketa bat, Cristina Fallaras kazetari eta idazleak modu anonimoan indarkeria matxista salatu nahi zuten emakumeei ahotsa emateko abiatutako ekimena, hain zuzen. Euskal Herrian ere sortu dira salaketa publiko eta anonimoak egiteko espazioak. Gure kontakizuna ezagutzera eman nahi dugu, urteetan paralizatuta eduki nahi izan gaituen izua ahizpatasunarekin gaindituz. Lotsa eta beldurra bandoz aldatu dira.
«Not all men» diskurtsoaren aurrean, alegia, indarkeria kasuak salbuespen gisa azaleratu nahi dituen horren aurrean, edota erasotzaileez ezohiko munstroak balira bezala hitz egiten diguten epaitegi eta komunikabideen aurrean, bortizkeria matxistaren egiturazko izaera biluzten dute kontakizun feminista publiko egiteko urrats hauek. Nerea Barjola ikerlari feministak ongi azaltzen duen bezala, patriarkatuak beti baliatu izan du izu sexuala emakumeak doktrinatu eta errudun sentiarazteko; baita gizarteari indarkeria horren izaera politiko eta egiturazkoa ezkutatzeko ere.
Feminismoari esker eta feminismoaren bidetik ikasi dugu patriarkatuak sostengatzen duen sistema horri izena jartzen eta horri aurre egiteko diskurtsoak eta baliabideak garatzen. Komunitatean ari gara egiten, ahizpatasuna ardatz, pausoak ematen jarraitzeko erabakimenez eta lema argi batekin: Nik sinesten dizut.