Itxaronaldi bat
Inoiz etorriko ote den jakin gabe zain egoteak ez du Lilura berezirik, izatez. 2019ko azaroaren 23an isildu zen 25 urtez herritar askoren soinu banda izandako taldea. Bost urtean zerbait iritsiko zen zurrumurrua eta zale fidelenen esperantza apaldu ziren, baina ia oharkabean 2024ko urtarrilaren 15ean sarean Janela txiki bat zabaldu zen, eta Gorka Urbizuren 10 kantuk Toki bat egin zuten. Musikariek futbol zelaiak, Exibition Centerrak eta Arenak betetzen dituzten garairako itzulera apal samarra, akaso, baina orduz geroztik aretoak bete Besterik ez du egin lekunberriarrak.
Hasiera bat irudikatu nahi izan du musikariak, Kolore apalez eta soiltasunez jantzia. Lehenago ere Berri Txarraken ohiko erritmoetatik aldenduta parte hartu izan du Katamalo edo Peiremans bezalako taldeetan, baina oraingoan «beste zerbait egiteko gogoak bultzatuta», Etxe propio bat eraiki nahi omen zuen, bere neurrikoa eta bere erara, «pirotekniarik gabe», bere hitzetan.
Nik ez dakit gauzak horrela diren edota horrelaxe dauden, baina egungo garaiari, gure egunerokoari kantuan ari dela iruditzen zait. Badut Teoria moduko bat, Tren bidaia bat egitearen antzekoa izan daitekeela disko hau, edota diskoko kantu bakoitza, eseri eta ingurura begiratzekoa norberarenagana iristeko: Eskelak, fahrenheitak, Suteak, I love Uak, polena, pistolak prime timean, ametsa, pantailak eta ispiluak, mantxa gorriak, Titanic-en orkestra, ateak, hego-haizea, eskubideak, profetak, esperantza, ikara, zalantza.
Batzuetan isiltasuna, denbora, Maitasuna, distantzia eta lana behar dira gure bizitzetara soinu banda berriak iristeko. Soinu geruzak gehitzeko tentazioari aurre egin eta kendu eta kendu egin omen ditu Urbizuk, entzuleari eman arte.
Kantuak egin omen ditu gauzak okertzen diren unerako, eta berriro ere lilura sortu du; beste frekuentzia batean, akaso, baina lilura. Elkar entzuteko isilik egoten ere ikasi behar dela irakatsi digu, eta nago 2024 honetan ere ez dugula gehiegi asmatu horretan; ea hurrengoan, liluraz zain egongo naiz, inoiz etorriko den jakin gabe.