Amalur Artola
Amalur Artola Kulturako koordinatzailea / coordinadora de Cultura

«Tasio» eta «Maspalomas», egien bilaketan

(Iñigo Uriz | FOKU)

Uneko egien edukiontziak dira filmak. Montxo Armendariz gazte eta zinemaren munduan esperientzia gabe hark “Tasio” filmatu zuen garaian, 1984an, bere begi liluratuek ikusten zuten errealitate hura bildu zuen 96 minututan. Hamaika aldiz kontatu du, nola geratu zen txundituta Zuñigako ikazkin haren energiarekin, magnetismoarekin, egiazkotasunarekin. Desagertzear zen egia hura bildu zuen filmean, argazki bat bailitzan.

Irudikatu ere ez zuen egingo Armendariz gazte hark filmaren estreinalditik 50 urtera nazioarteko zinema jaialdi garrantzitsuenetako batean, Cannesen, filmaren 4K kopia berriztatua ikusteko aukera izango zuenik; euskal zinemaren mugarri bilakatu den film xume bat, abizenik gabeko ikazkin bat, munduaren erakusleihoan. «Zirraragarria da gogoratzen nituen tonu, kolore eta giro haietara itzultzea», esan zigun emanaldiaren ondoren. Eta ez bakarrik “Tasio”, Euskadiko Filmategiak film honen inspirazio iturri izan zen “Nafarroako ikazkinak” (1981) ere berriztatu baitu 2024 honetan.

Urte berean, handik kilometro batzuetara estreinatu da “Marco”, beste nazioarteko puntako jaialdi batean. Identitate ebasle baten istorioa eraman du Veneziaraino Moriartiko lantaldeak; Enric Marco, bere izate anonimoarekin aski ez eta, egoa asebetetzeko, telebista kameren fokupera eraman dezakeen identitatea bereganatu zuena. Bere “egia” eraiki zuena. Historia mingarria, Jon Garañok eta Aitor Arregik maisuki josia, Eduard Fernandezek bikain hezurmamitua.

Eta iragarpen batek itxi du urtea, moriartitarren eskutik hau ere: hasi dira Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi “Maspalomas” proiektu berria filmatzen, «identitate ezabatuen inguruko hausnarketa» egin nahi duena. Vicente (Jose Ramon Soroiz) da protagonista nagusia, adinekoen egoitza batera sartzen dutenean bere homosexualitatea ezkutatuko duen gizona.

Identitateen eta norbere egien gaineko gogoetak, eraikitzen diren eta deseraikitzen diren egiak, horixe zinemak eman diguna eta, antza, ematen jarraituko duena. Badago zer hausnartua.