Low-tech komunitatea
Leku bateko tradizioaren eta historiaren isla izan daiteke arkitektura. Ogimachi herriak bere bizimodua eta etxe tipikoak, bertako materialez eraikitako gassho estiloko eraikinak eta lastozko teilatuak mantentzea lortu du. Sistema komun batek eta haien arteko lankidetzak ahalbidetzen du.
Shirakawa-goko mendi artean ezkutatua, Ogimachi herrixka berezia aurkitzen da -Gifuko prefekturan-, eta bestelakoa da, Japoniako historiaren eta tradizioaren lekuko bizia baita. Turismoa mehatxu gogorra izanik ere, bere horretan mantentzen da 600 bizilagunekin, eta eguneroko bizitzaren trazak nabari daitezke gassho estiloko eraikuntzen artean; arreta handiz zainduriko arroz soroak, sakabanatutako nekazaritza tresnak, eta landuriko lurren artean landaturiko loreak. Alabaina, esan beharra dago ahalegin kolektiboa handia dela oreka egokia lor dadin, bisitarien eta egoiliarren artean ingurune erosoa sortzeko. Ogimachi autokudeaketa eraginkorra bermatzen duen, lekuaren eta giza ekintzen arteko oreka bermatzen duen bizi eredu iraunkorra da, eta mahai gainean jartzen du nola den posible ingurumena errespetatzen duen bizimoduari eustea, sustrai kulturalei uko egin gabe.
Laburki adierazita, Japoniako herrixka tipikoa da Shirakawa-goko honakoa, bidexka estuek eta ur ibilguek lotzen dituzten etxe, arroz soro eta lorategiekin. Eraikuntza berezien multzoa Shokawa ibaian zehar hedatzen da, iparraldetik hegoaldera begira, eguzki argia aprobetxatzeko eta haize bortitzetatik babesteko. Arestian esan dudan bezala, bertako etxeak gassho estilokoak dira. Bereizgarriak dira, lastozko teilatu aldapatsuek otoitzean gurutzatutako eskuak gogorarazten omen baitituzte, baina funtsean diseinuak klimara egokitzea du helburu. Dena dela, hiru etsai nagusi dituzte: zahartzea, suteak eta elurteak.
Bi egitura sistema gainjartzen dira eraikuntza horietan, modu independenteetan funtzionatzen dutenak; lehenengoa beheko egiturari dagokio (jikugumi), arotzek landurikoa, eta bigarrengoa, estalkia (koyagumi), herri komunitateak landurikoa. Eraikin gehienen estalkia lastozkoa izatearen arrazoia da tokiko material nagusia dela; udazkenean jasotzen da eta hurrengo udaberrira arte lehortzen edukitzen da. Esan bezala, herritarren arteko lankidetza sendoa nabaria da, izan ere, herrixka yui izeneko sistema komunal baten mende dago, nekazarien arteko lankidetza sustatzen duen tradizioa. Sistema horrek, etxeen zainketa bermatzeaz gain, nekazaritza jarduerak eta ingurunearen zaintza babesten ditu. Udazkenean herritarrek arroza eta lastoa biltzen laguntzen dute, eta neguan, berriz, metatutako elurra garbitzen kolaboratzen dute. Komunitatearen ahalegin handiena gassho etxebizitzen teilatuen ordezkatze prozesuan gertatzen da. Lasto zaharra desmuntatzea hiru eguneko lana izan daiteke, eta material berarekin estalki berria eraikitzea, berriz, laukoa. Elkarlanaren adibide honek yui izeneko talde bizitza integrala bihurtu dela erakusten du.
Bideetan barrena etxe bereziak bertatik bertara ikusi daitezke, arkitektura xehetasun berezi ugari hautemanez. Tokira egokitzeko pentsatuta dauden eraikuntzek inguruneko beharrei ezin hobeto erantzuten diete, azal ugariz konposatzen diren fatxaden bidez. Geruza jokoak bezalakoak dira, parajearekin oreka bilatzen dutenak. Materialtasun eta opakutasun desberdinek argiaren eta airearen kontrola ahalbidetzen dute, eta tenperatura desberdinetara moldatzea ahalbidetzen dute. Nolabait esateko, ez dute makinen beharrik konforta lortzeko; low-tech-aren eredu dira han aurki daitezkeen sistemak. Jakintzaren pisua nabari da geruzaz geruza.
Herrixkaren atmosfera orekan dagoen ekosistemarena da, bertako ekoizpenaren, bioaniztasunaren eta eguneroko bizimoduaren arteko zirkulua. Lekua ulertu eta harekin erritmo berean biratzen jakitearen bertutea. Denentzako lekua dago Ogimachin, koi arrainak etxe inguruetako ur ibilgu estuetan, nahiz intsektu polinizatzaileak laborantza lurren inguruko landare desberdinetan. Ekosistemak espezieen arteko erlazio harmoniatsua islatzen du, oreka egokia mantenduz.
1976an Shirakawa-go Eraikin Tradizionalak Zaintzeko Eremu Nazional Garrantzitsu izendatu zuten, eta 1995ean Ogimachi Gizateriaren Ondarearen zerrendan sartu zuen UNESCOk. Aintzatespen hauek tarteko, herrixkako ondare kulturala eta arkitektonikoa babestu da, baina, bestalde, turismoaren gorakada ere ekarri du, eta ni neu ere horretan erori naiz.
Abuztuan eginiko bisitan kontatu ziguten, herrixka Heike klaneko iheslarien kondairari lotutako urruneko eremu gisa ere ezagutzen dela, eta denbora luzez bakartuta egon zirela, gainerakoekin kontaktua mugatuta. Horregatik, herriak bere kultura eta bizimodu propioa sakondu izana. Egun herrixkak horrelako xarma badu, garai hartan nolakoa ote zen pentsatzea eragiten dit sarri.