Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Malgutasuna

Postrearen zaleek, beti uzten dute tokitxo bat postrerako, saiatzen dira aurretik betekadarik ez egiten. Batzuetan bizitzan, egunerorako janzten den horretan, antzekoa gertatzen dela uste dut; betekadarekin gabiltza, atzera-aurrera, eginbeharrek itota, eta ezustekoren bat gertatzen denean, akabo, ez zaigu kabitzen. Gure errutina puzzle baten antzekoa da, pieza bakoitza bere tokian. Ttak. Baina bizitzak batzuetan gainezka egiten du: haurrak gaixotu egiten dira, autoa matxuratu egiten da, etxekoren bat erietxeratu egiten dute, garbigailuak ura galtzen du, lana korapilatu egiten da.

Gogoeta horixe sortu zait ustez ondo zihoan eguna pixka bat okertu zaidanean. Pixka bat. Pozik eta lasai espero nuena larrituta eta triste topatu dut, eta ez nuen espero, ez neukan aurreikusita. Sentitu dut inguruan ditugunen tristurak batzuetan ez zaizkigula kabitzen gure eguneroko estuetan.

Gure amonak esango luke bizitzak gozotik baino gehiago daukala gazitik. Erabat zoriontsu ez garela izaten askotan eta txarra hartzeko prestatu behar dela azala. Porrotxek esango luke pozak eta penak ederragoak direla lagunekin partekatzen baditugu. Eta nik nire buruari esan diot malgutasuna gehiago landu behar dudala. Ez giharretakoa, emozionala baizik.

Miresten dut ezustekoen aurrean patxada duen jendea, beldurrari tokia egiten diona, okerragoa izan zitekeela pentsatzen duena, datorrenari eusten diona, erori bezala altxatu eta aurrera begiratzen duena. Batzuetan ezin dira gertaerak aldatu, baina horien aurrean nola egon eta zer egin aukeratu daiteke. Berriro akordura etortzen zaizkit bueltan izan ditudan emakume jakintsuak, umetan magal zabala eman eta negar egiten uzten zidatenak. «Egin negar lasai, eta gero pentsatu hurrengoan zer egin mina ez hartzeko».

Hori ere, malgutasun emozionala, entrenatu egin omen daiteke; sentimenduei tokia egin, aldatu ezin diren gauzetan indarrik ez gastatu, aldatu daitezkeenetan sinistu eta borroka egin horien alde.

Txikitik handira, mundua hartzen ari den koloreak ez dauka itxura onik. Gero eta urrekaragoa Trumpen tupea, are laino ilunagoak gure gainean. Eta nago gure bizitza okupatu-preokupatuetan ez zaizkigula kabitzen munduaren arazoak, nahikoa daukagula ‘norbere’ marroiekin. Baina ez gara ni, gu gara. Eta batzuek postreari bezala, tokia utzi behar diegu ezustekoei, ez gaitzaten paralizatu. Agendan tokia gorde beharko genieke ingurukoen minei eta munduaren aieneei; herritarren minak magalean hartzen dituen mundua nahi badugu behinik behin.