Gu eta haiek
Batzuetan kontraesanak geratzen zaizkit eztarrian trabatuta. Ilunetan plaza bakarti batetik noala, gertu dagoen arkupean kuadrilla bat musika entzuten sumatzen dudanean, adibidez. Beldurtu egiten naiz pixka bat, ez entzuten ari diren musika ez zaidalako gustatzen, migratzaileak direlako baizik. Eta nire buruarekin haserretzen naiz pausoa bizkortzen dudalako. “Espero dut ez zirela konturatuko”. Ez haiek, ez inor, arrazismoaren olatua hain gogor datorrenean oinak ur horretan bustita dituzula konturatzea ez baita trago atsegina. Baina gu ere bagara jendarte honetako parte eta beldur jakinetan heziak izan gara.
Irudikatu ordu txikietan parrandatik etxera datorren nerabea. Lehen parrandak, gaztetxoarentzat eta gurasoentzat. “Ama, busetik jaitsi naiz eta banoa”. Erdi lo, erdi esna, ama balkoira atera da pijaman. Garai gogorra datorkiola pentsatu du, herriko jaiek loa eskasten duten bizitzako sasoia; ez berak parranda egiten duelako, seme-alaben ohe hutsek ezinegona sortzen diotelako baizik. Han urrunean sumatu du badatorrela etxeko txikia. Tira, dagoeneko paretik begiratzen dio, baina beretzat etxeko txikia da.
Kalea luze ikusten du balkoitik, urrutitik gerturatzen ikusten ditu bi buru, lau oin gaztetxo. “Norekin dator?”. Gerturatu ahala konturatu da eskolako laguna duela alboan. Hamasei urte, 1,80ko altuera, beltza. Koska dezentekoa ateratzen dio etxeko txikiari. “Ikusi ze ondo datozen biak elkarrekin”, pentsatu du inozo berekiko. Etxeko ohe guztiak epel okupatuta, lasai lo har dezake berriz ama oilandak. Baina loa ez dator, kontraesan bat geratu baitzaio eztarrian trabatuta. 1,80 den mutiko beltz hori ez balu ezagutuko eta kalean bere etxeko txikiaren inguruan sumatuko balu ordu txiki horietan, lasai egongo litzateke?
Elkarrekin lasai bizitzeko elkar ezagutu beharra daukagu. Akaso hori da gakoa. Arkupetan musika entzuten ari direnak ezagutuko banitu, izen-abizenez eta bizitza istorioz, lasaiago pasatuko nintzateke ilunetan haien albotik.
Supermerkatuko pasilloan haur txikia sekulako kasketarekin dago lurrean etzanda; mukiak zintzilik, builaka. Ama ondoko pasillotik, pazientzia infinituarekin, gerturatzeko konbentzitu nahian. “Etorri azkar nirekin, bestela paioa etorri eta eraman egingo zaitu”. Ijitoak dira ama eta semea. Ni, paioa, eta guri aldrebes esaten ziguten, «ijitoak eramango zaitu». Denok gaude beldur jakinen gainean eraikiak. Denok gara gu eta haiek. Elkar hobeto ezagutzen dugun egunean lasaiago eta zoriontsuago biziko gara, akaso.

«Oasiaren kultura da nagusi»

Selma, zubi bat eskubide zibilen alde AEBko hegoaldean

El destino de nuestros desechos

«Mi vida es mía y de quien yo quiera, no de todo el mundo»
