JON JIMENEZ
LITERATURA

Pausa

Bizitza abiada bizian jarri digun kapitalismoak gure irakurzaletasuna eta irakur moldeak aldatu ditu azken bi hamarkadetan. Inoiz baino gehiago idatzi eta irakurtzen dugu, ziurrenik, sakelakoari eskaintzen dizkiogun ordu andanatan hala baitihardugu. Baina etengabe gabiltza toki batetik bestera, arreta finkatu ezinik. Horren sintoma dira ere paperak edo artikuluak eta adimen artifizialaren gailentzea. Ezbairik gabe, atentzioaren murrizketa bortitz bat bizi dugu eta, harekin batera, ongi pentsatzeko eta hartan sakontzeko ezintasun gero eta nabariagoa. Geldialdi baten beharra inoiz baino argiagoa den honetan, Xorroxin Irratian “Pausa. Idazleen aterpea” saioa gidatzen duen Rakel Pardo Perezek (Urdazubi, 1995) balaztaren aldarrikapena egiten duen olerki sorta dakarkigu: “Egurats zabaletako izendaezinak” (2024). Horren isla da bertze erritmo eta latitude batean lan egiten duen Maiatz etxearen eskutik argitaratu izana ere.

Ainhoa Urien Telletxek hitzaurrean erran eran, honakoa «ez da ohiko irakurketa», ez da trinketa kolpe bakarrean ulertzeko modukoa. «Ohituegiak gaude zentzua lehen unean aurkitzen», baina «arnasa luzeko literatura da» hauxe, erantzunetan baino galderetan sakontzera gonbidatzen gaituena. Eta galderak ere ez dira prosaikoak, gizatasuna bera dute jomugan. Norbera alboan dituenen -kultura- eta inguruan duenaren -natura- aurrean ipiniko dute. Hor, objektuen artean, ikusiko dizkiogu hobekien mugak subjektuari, gorputzari. Hor definituko da gizakia eta hor ere azalduko da begiradaren -perspektiba- garrantzia, zeren eta «hor, aratinik, behatzailea eta behatua ezberdindu ezinik, bidearen ugerraz jabetu zen».

Hala, bidean, ibilian-ibilian, tupust eginen dugu horma existentzial horiekin. Aitzinsolasean erran moduan, Pardo poeta ibiltaria da, baita argazkilaria ere. Baztanen, «bere muga, jende, azeri, errepide, agote eta kontrabandisten artean», lurreratzen ditu bere kezkak. «Basoan agertzen dira ideiak askotan» eta poemek ere baso baten antza dute: bide ezberdinetatik sar zaitezke eta ez dago ibilbide zuzen bakarra.

Eugenio Montale, John Cage eta Emily Dickinson izanen dira, hain zuzen, egileak aitorturiko erreferentzia literario bakanak. Lehenaren sinbolismoa entzun dezakegu hitzarteetan, Cagen 4’33’’ko isiltasuna munduaren hotsak betetzen ez duenean. Baina, oro har, Dickinsonen transzendentalismo erromantiko bat gailentzen da orriotan. Poetaren bilaketaren parte izan gaitezen edo, are gehiago, bere begiekin beha eta bere gorputzarekin senti dezagun eskatzen diguna.