Selma, zubi bat eskubide zibilen alde AEBko hegoaldean
Estatu Batuetako eskubide zibilen mugimenduak bere hilabeterik garrantzitsuenetakoa izan zuen duela 60 urteko martxoan. Alabamako herri batek hartu zuen ordura arte Atlantak, Birminghamek eta beste hiri handi batzuk izandako fokua: Selmak. Bertako zubia, segregazioaren aurkako eta boto eskubidea lortzeko borrokaren sinbolo bihurtu zen.

Selma, Dallas konderriko hiriburua da, Alabama erdian kokatua. Ia 30.000 biztanle zituen 60ko hamarkadan; egun ez dira 20.000ra iristen, eta ia ehuneko 80 beltzak dira, zuri gehienek alde egin baitute. 60ko hamarkadan, baina, zuri eta beltzen arteko proportzioa parekoa zen biztanleriaren artean, nahiz eta afroamerikarrak zertxobait gehiago izan. Hori horrela izanik ere, bozkatzeko erroldan ehuneko 99 zuriak ziren. Desberdintasun egoera nabarmen horren aurrean, 1963an Dallas konderriko boto emaileen ligak kanpaina bat hasi zuen Selmako herritar afroamerikarrak bozkatzeko erregistroan izena eman zezaten.
Garai nahasi haietan, eskubide zibilen mugimenduak indar handia zuen, eta Washingtonen nola edo hala erantzun behar izan zuten. Hala, 1964an eskubide zibilen legea onartu zuen Estatu Batuetako Kongresuak, eta Lyndon Johnson demokratak garaipen handia lortu zuen udazkenean hauteskundeetan (John Fitzgerald Kennedy hil eta urtebetera izan zen, gainera).
Washington urrun dago Selmatik, ordea, eta Hegoaldeko erregimenak bere arauak eta arau horien betearazleak zituen. Bidenabar, segregazioaren lurraldea alderdi demokratarena zen, eta gero eta nabarmenagoa zen kontraesanean: Iparraldean, errepublikanoak baino eredu progresistagoa zeukaten demokratek AEBko herritarrentzat (nazioartean Gerra Hotzaren garaia zen, eta alderdi bietako belatzek ziharduten SESBen aurkako lehia nuklearrean nor baino nor gehiago), baina mende bat lehenago gerra zibila galdu zuen Hegoaldeak, ordea, Jim Crow segregazio sistemarekin jarraitzen zuen. Alderdi Demokratakoak ziren bertako gobernadoreak («segregazioa orain, segregazioa bihar, segregazioa beti» aldarrikatu zuen Alabamako George Wallace, kasurako), baita Washingtonera bidaltzen zituzten senatari eta kongresistak ere. Astiro-astiro (astiroegi) alderdiko fakzio bien bizikidetza ezinezko bihurtu zen, eta Hegoaldeko politiken arduradunak baztertuz joan ziren gainerako demokratak.
60ko hamarkadan, boto emaileen ligarekin bat egin zuen eskubide zibilen alde lanean ziharduen elkarte garrantzitsu batek, Indarkeriarik Gabeko Ikasleen Batzorde Koordinatzaileak (Student Nonviolent Coordinating Committee). Erresistentzia, ordea, hor zegoen, eta herritar beltzak boto emaileen erregistroan izena ematea oztopatzeko, Selmako epaileak debekatu egin zituen bi lagun baino gehiagoko elkarretaratzeak.

MARTIN LUTHER KING
Alabamako hiriburutik, Montgomerytik, ehun kilometro ingurura dago Selma, eta Estatuko iparraldean dagoen Birmingham hiritik 150era. AEBko “lekurik segregatuena” zen Birmingham garai hartan, baina eskubide zibilen alde han egindako lanagatik herrialde osoan ospe handia hartu zuen apaiz bat zeukan: Martin Luther King Jr artzaina. Washingtonen emandako “Amets bat daukat” izeneko hitzaldiak mundu guztian famatu egin zuen eta Bakearen Nobel Saria eman zioten 1964an. Dallas konderriko boto emaileen ligako Amelia Boynton eta beste ekintzaile batzuk berarengana joan ziren laguntza eske. “King doktorea” Selmara joanez gero, herrialde guztiaren arreta lortzea espero zuten.
Martin Luther King 1965eko urtarrilean iritsi zen Selmara, Hegoaldeko Lidergo Kristauaren Konferentziako (SCLC, ingelesez) zenbait kiderekin batera. SCLC Atlantan, Kingen jaioterrian eratutako eskubide zibilen aldeko erakunde erlijiosoa zen; Georgian sortu arren, aldameneko Alabamako desobedientzia zibileko gertakari batek bultzatu zituen biltzera 1957an: Rosa Parksek Montgomery hiriburuan abiarazitako autobus segregatuen aurkako boikotak. Zazpi astez saiatu ziren King eta berarekin joandakoak beltzei botoa emateko zerrendan izen ematen laguntzera. James Clark konderriko sheriffak kanpaina horretan parte hartu zuten ia bi mila lagun atxilotu zituen. Edozein karguk balio zuen: epaileari men ez egitea, mespretxua eta baimenik gabe desfilatzea, esaterako. Auzitara jo zuten eskubide zibilen aldekoek, eta auzitegi federal batek boto emaileen erregistroan ez oztopatzeko agindu zion Clarki. Sheriffak taktika aldatu zuen orduan: ezin bazituen atxilotu, botoa emateko beharrezkoak ziren “alfabetatze” probak egingo zizkieten; horretarako, ordu luzez ilaran egotera behartu zituen. Pertsona beltz bakar batek ere ez zuen testa pasatu.

Otsailean aurrera, Selmatik ordu erdira dagoen Marion herrian martxa bat egin zuten herriko Poliziak eskubide zibilen ekintzaile bat atxilotu zuela salatzeko. Herriko erdigunea argirik gabe geratu zen (manifestariek esan zuten Poliziak itzali zituela argiak), eta polizia zuriak eta Alabamako tropak gogor oldartu ziren manifestariak Zion eliza metodistako bilkuratik irten bezain laster. Amarekin eta aitonarekin zihoan Jimmie Lee Jackson 26 urteko gazteari bi tiro eman zizkion sabelean polizia zuri batek, hirurek inguruko jatetxe batean babes hartu zutenean. Hil zuen agentea ez auzipetzea erabaki zuten orduko epaimahaiko kideek; Vietnamgo gerran parte hartu eta heroina trafikatzaile bihurtu zen Thailandian, eta 2010ean baino ez zuten kondenatu sei hilabeteko espetxe zigorrera.
Jimmie Lee Jackson Mariongo gertaeretatik astebetera hil zenean, tentsioa gori-gori zegoen. Herritarren amorrua leher ez zedin, Kingek eta SCLCko buruek protesta Selmatik ateratzea erabaki zuten, martxa luze bat antolatuz ia ehun kilometrora dagoen Alabamako kapitoliora, Montgomery hirira.

KU KLUX KLANEN ERASOAK
1965eko martxoaren 7an jarri zuten horretarako data. Brigadier konfederatu eta Ku Klux Klan-eko buruzagi baten izena daraman Edmund Pettus zubia hiriaren irteeran dago, Alabama ibaiaren gainean; bertara iritsitakoan, Estatuko tropek eta beste polizia batzuek karga oso gogorra egin zuten. John Lewis eskubide zibilen buruzagi eta gerora kongresistari garezurra hautsi zioten, eta konortea galdu zuen arte jipoitu zuten Amelia Boynton. Beste manifestari baten besoetan konorterik gabe zegoela egin zioten argazkia herrialde guztira zabaldu zen, Hegoaldean bizi zen indarkeria egoeraren adierazle gisa. “Igande odoltsua” deitu zioten, eta Selma herrialde osoan ezagun egin zen. Gertakari honek izan zuen harrabotsaren ondorioz, AEBko bazter guztietatik etorri ziren hirira botoa ematearen alde komunitate afroamerikarrak bultzatako ekimenean laguntzera.
Martxoaren 7ko hura, ordea, lehen saiakera baino ez zen izan. Handik bi egunera, martxoaren 9an, berriro saiatu ziren Selmako zubia igarotzen. Beste behin, Polizia eta Alabamako trooper-ak (Estatuko Polizia) zituzten aurrean. Zehazki, zubiaren beste aldean zeuden zain. Martin Luther King bera joan zen martxaren buruan, jendearen amorruak eta hedabideen presentziak sor zezakeen triskantza ekiditeko. Kasu horretan, gainera, eskubide zibilen mugimenduak auzitara jo zuen martxa egiteko aukera legez bermatzeko, baina asmoa txarto irten zitzaien, epaileak auzia aztertzeko egunak behar zituela aditzera eman baitzuen eta ordura artean inolako manifestaldirik abiatzearen kontrako neurriak agindu baitzituen.
Erabaki horrek haserrea piztu zuen Selman. Jendea bertan zegoen, zain, bi egun atzera gertatutakoarekin amorratuta, eta protesta bertan behera utzita ere, kide batzuek beren kabuz manifestazioarekin aurrera egitea gerta zitekeen. Hala, Martin Luther King zubia igarotzen hasi zen, baina erdiraino baino ez zen iritsi, beste aldean zeuden polizienganaino heldu barik. Han, otoitz egin, eta protesta Selmara itzularazi zuen, zubia osorik zeharkatu gabe.
Manifestari asko nahasita zeuden, kritikak ere ez ziren falta. Martin Luther Kingek, ordea, herrian jarraitzeko esan zien jarraitzaileei, martxa aurrerago egiteko asmoz.

MONTGOMERYRA
Gau horretan bertan, Ku Klux Klaneko kideak Selmako kaleetan ibili ziren, borrak eskuetan. Eliza unitario unibertsalistako hiru artzain zuri harrapatu eta jipoitu egin zituzten. Bostonetik elkartasunez etorri zen James Reeb-i zauri oso larriak eragin zizkioten, eta handik bi egunera hil zen.
Egoeraren larritasunaz jabetuta, martxoaren 15ean, Lyndon B. Johnson presidenteak berak hitza hartu zuen, telebistan Kongresuko saio bateratuan (goi eta behe ganberak elkartuta) herrialde guztirako prestatutako agerraldian. Kongresuari bozkatzeko legea onartzeko eskatu zion, Hegoaldeko afroamerikarren kausa «gure kausa ere bada» esanez. «Intolerantziaren eta injustiziaren ondare suntsitzailea gainditu behar dugu. Eta gaindituko dugu», adierazi zuen, eta bi egun geroago bozkatzeko legearen proposamena kongresura bidali zuen.
Adierazle gisa, Johnsonek erabilitako lelo berbera, ingelesezko we shall overcome delakoa, munduko beste tokitara barreiatu zen. Atlantikoaren beste aldean ere entzun zen lelo hori, Belfasten, esate baterako, unionista protestanteen Ipar Irlandako erregimen baztertzailearen aurrean antolatu ziren eskubide zibilen aldeko lehen martxetan.
Baina, leloak lelo, Selmanen martxa egiteko asmoz jarraitzen zuten. Alabamako gobernadore George Wallacek, ordea, ez zeukan manifestariak babesteko inolako asmorik. Hala, Johnson presidenteak esku hartu zuen, manifestariek hirugarrenez ahalegina egingo zutela jakinarazi zutenean. FBIko agenteek eta Alabamara bidalitako tropa federalek babestu zituzten Selmatik Montgomeryrantz abiatu ziren lagunak.

Martxa luzea izan zen, egunean hamasei kilometro inguru egiten zituzten oinez, eta igarotzen ziren lekuetako solidarioen patioetan kanpalekuak ezartzen zituzten gaua bertan igarotzeko, azkenean, martxoaren 25ean, Alabama Estatuko Kapitoliora iritsi ziren arte. Egunik egun gero eta jende gehiago batu zen manifestaldira, azkenean 25.000 pertsona inguru izan arte. Kapitolioko eskaileretan, bandera konfederatuaren azpian hitz eginez, Martin Luther Kingek helburuen alde indarkeriarik gabeko estrategien garrantzia azpimarratu zuen: «Aitortu behar dizuet oraindik espetxeko ziegak zain ditugula, eta une ilun eta zailak. Baina fedez sinesten jarraitzen badugu indarkeria ezak eta bere botereak atzo ilunak bihar distiratsu bihurtuko dituela, baldintza horiek guztiak aldatzeko gai izango gara», esan zuen.
Martxa arrakastatsua izan zen, eta aldaketak geraezina zirudien. Gau hartan, ordea, Viola Liuzzo 39 urteko emakumea hil zuten Ku Klux Klaneko kideek, manifestariak garraiatzen laguntzen ari zela.
Esklabotzaren amaieratik ehun urtera, segregazioan oinarritutako sistemaren oinarri legalak ere amaitzekotan ziren. 1965eko abuztuan Martin Luther King eta Selmako Amelia Boynton, Lyndon Johnsonen gonbidatuak izan ziren, boto eskubideen legea izenpetu zuenean. «Boto eskubidea oinarrizko eskubidea da; hori gabe zentzua galtzen dute besteek. Jendeari, herritarrei norbanako bezala, beren etorkizunaren gaineko kontrola ematen die», esan zuen presidenteak.

EGUN, ATZERANTZ
Bistan da lege batek bakarrik ezin duela gizarte baten arrazismo sistemikoa ezabatu, baina hori ere aintzat hartzen zuen 1965eko legeak, Washingtoni eskumena ematen baitzion herritar beltzen ordezkaritza historikoki aintzat hartu ez zuten barrutiak gainbegiratzeko, supremazista zuriek inolako iruzurrik egin ez zezaten. Gobernuak Hegoaldeko agintariek egin zezaketen jukutrien aurka egingo zuela argi utzi zuen, eta «boto eskubidea eragozten duten arau, lege edo probarik» ezartzekotan, ez zituztela onartuko adierazi zuen presidenteak.
41 urte beranduago, George W. Bushen agintaldian, boto eskubidearen legea berretsi zuen Kongresuak, errepublikano eta demokrata gehienen botoarekin (aho batez onartu zuen Senatuak). Handik bi urtera, lehen aldiz afroamerikar bat iritsi zen AEBko presidentetzara. Zortzi urte egin zituen Barack Obamak Etxe Zurian (2009-2017).
Baina beste ahalduntze ariketa batzuekin gertatu den bezala, mugimendu erreakzionarioek indarra hartu dute orduz geroztik. Obamaren bigarren agintaldian Auzitegi Gorenak atzera bota zuen bozkatzeko eskubidearen legearen xedapen garrantzitsuenetakoa bat, hain zuzen ere historikoki arraza bazterketa izan zuten barrutiek ezingo zituztela bozkatzeko arauak aldatu, Washingtonen oniritzia lortu ezean. Shelby Co. v. Holder ebazpena izena hartu zuen, eta ondorioak gero eta nabariagoak dira: 2008an Obama gailendu zenean, ia berdinduta zegoen herritar zurien eta beltzen arteko parte hartzea hauteskundeetan, eskubide zibilen aldeko mugimenduak amestu bezala. Egun “arraza arrakala” handituz doa, eta erritmoa bereziki bizkortzen da Gobernuaren oniritzia eskatzen zitzaien barrutietan.
Brennan Center-ek egindako ikerketa batek dioenez, herritar zurien proportzioarekin alderatuta, 200.000 boto emaile beltz gutxiago izan ziren Alabaman iazko hauteskundeetan. Bozkatzeko lege berri bat egiteko ahaleginek errepublikanoen ezetza jaso ohi dute, garai batean ez bezala.
Duela egun gutxi, Terri Sewall Alabamako ordezkari demokratak John R. Lewis Voting Rights Advancemnet Act (bozkatzeko eskubideetan aurrera egiteko legea) aurkeztu zuen, Selman garezurra hautsi zioten eskubide zibiletako liderraren omenez. Bertan jasotakoa betetzera, bozkatzeko legeetan aldaketaren bat dagoen aldiro Gobernuaren oniritzia beharko da AEBko leku guztietan. Izan ere, eskubide zibilen mugimenduak desobedientzia estrategia batekin lortu zuena eta sei hamarkadatan adostuta egon diren oinarriak pitzatzen ari dira.

Selma, zubi bat eskubide zibilen alde AEBko hegoaldean

El destino de nuestros desechos

Conduce, para, come y sé feliz

«Mi vida es mía y de quien yo quiera, no de todo el mundo»
