Itsasoa da bide bakarra
“Sarrionandia irakurriz” azpititulua du saiakera honek, idazle iurretarrak 1981 eta 2001. urteen artean argitaratutako obran itsasoak duen presentzia aztertu baitu Rodriguezek. Doktorego tesia egiteko Joseba Sarrionandiaren obra gaitzathartu zuen idazle eta irakasle errenteriarrak, eta tesi honen bertsio dibulgatiboa da, hain zuzen ere, Utriusque Vasconiae argitaletxeak kaleratu duena. Militantziaren eta borroka armatuaren metafora gisa interpreta daiteke itsasoa Sarrionandiaren lanean, ikertzailearen aburuz. «Sarrionandiak aurretik gogoeta bat eginda dauka: mintzaira normala ez da aski honetaz hitz egiteko. Beraz, mintzaira paralelo sinboliko bat darabil, metaforikoa edo irudien bidezkoa, askeago hitz egiteko gatazkaren inguruan, eta nik orain esaten badizut ‘hau hau da eta beste hau beste hau’ hurbilpen bat egiten ari naiz neure ikuspegitik».
Villa triste eta Udaberri alua •
Patrick Modiano. Igela, 2008-2011 • 12 eta 9 euro • Literaturaren Nobel saria eman zioten iaz ia ezustean Patrick Modianori eta edozein aitzakia ona da frantses idazle honen lanari heltzeko. Modianoren bi eleberri daude euskaratuta eta, hori dela-eta, berriz nobedade bihurtu dira: “Udaberri alua”, 2008an Pello Lizarraldek euskaratua; eta “Villa Triste”, Joseba Urteagak 2011n euskarara ekarria. Lehenean narratzaileari 18 urte zitueneko 1964ko udaberria etorriko zaio gogora, Francis Jansen argazkilaria ezagutu zueneko udaberri hura. “Villa Triste” nobelako kontalaria, ordea, bainu-hiri batera joan da babes bila, inguruko mehatxu batetik ihesi, baina bi izaki misteriotsu aurkituko ditu han.
Orube abandonatuak •
Garazi Kamio. Elkar, 2014 • 184 orrialde. 18,85 euro • Agustin Zubikarai bekari esker plazaratu du Garazi Kamiok bere lehen nobela hau eta bertan denboran elkarrengandik urrun dauden hiru istorio jaso ditu kazetari eta idazle andoaindarrak. Protagonistak galtzaileak dira eta etxe baten orubea konpartitzen dute, garai ezberdinetan beti ere. Egile berak aitortu duenez, Castillo Suarezen poema batetik «lapurtuta» hautatu du izenburua. Gerraostean, Belchiteko kontzentrazio-zelaitik itzuli eta nortasunik gabe sentitzen den Mario; 1989ko Urtezahar egunean eta heroinarekin borrokatu ostean, sabela, hozkailua eta etxea ere hutsik dituen Miren; eta, azkenik, ingurukoak bai baina ispilua engainatzea zaila egiten zaion Maiderren istorioak txirikordatzen ditu Kamiok.
Zuri-beltzeko argazkiak •
Arantza Urretabizkaia. Pamiela, 2014 • 144 orrialde. 12 euro • 1947 eta 1960 arteko Donostiako giroa islatu du Arantza Urretabizkaiak kaleratu duen oroitzapen-liburuan. Honela deskribatzen du: «Hauxe da nire asmoa: nire haurtzaroan kokatutako tresnak, argazkiak hartu dizkiot iraganari eta argazki horiekin kontatu nahi dut nola izan zen hezia gaur zahartzaroaren atarian dagoen belaunaldia, nolakoa zen bizitza, sasoi hartan, urte haietan, Donostiako bazterreko auzo apal batean bizi zen familia euskaldun, euskaltzale, antifrankista, kristau eta langile baten inguruan». Bitxikeria bat: liburuaren azalean Donostiako erakusleiho bat agertzen da, Nerecan dendakoa. Hango langilea izan zuen ama eta, hain zuzen, amaren bizitza kontatzeko gogoa izan zen liburu hau idazteko akuilua.
Su zelaiak •
Mikel Peruarena. Susa, 2014 • 240 orrialde. 18,50 euro • Idazle eta kazetari hernaniarrak Lehen Mundu Gerran kokatu du bere bigarren liburua, Euskal Herrian 6.000 lagun hil baitziren garai horretan eta Ipar Euskal Herriko belaunaldi oso bat sakrifikatu zen. Hala ere, euskal literaturan ez du presentzia handirik duela ehun urte hasitako gatazka izugarri hark. Baionako infanteriako 49. erreximenduaren ibilerak aletuz, krudelkeria neurririk gabeko haren kontakizun gordina dakar. Soldadu saldoa da protagonista, infernuko zelaietan sarraski kolektibo batean kiskalia. Eta soldadu guztien artean da Filipe Luro ikazkina.