Bidaiari

Euskal Buztingintza Museoa

Urkiolako eta Gorbeiako natura parkeek inguraturik, Araba iparraldeko Elosu herriko Ollerieta auzoan, Urrunagako urtegiaren ertzean. Hortxe kokatzen da Euskal Buztingintza Museoa, nekazari-giroko paraje natural zoragarri batean.

Dendan salgai dagoen pieza bat.
Dendan salgai dagoen pieza bat. (Euskal Buztingintza Museoa )

Euskal Buztingintza Museoak 1993an zabaldu zituen ateak, eltzegintza-lantegi berritu batean. Bere osotasunean berreskuratzeko proiektu handi hau martxan jarri izana Blanka Gómez de Segura-ri zor zaio. Arabako Foru Aldundiarekin duen lankidetza-hitzarmenari esker mantentzen da gaur egun.

1711n jasotako eltzegintza-lantegian Ortiz de Zarate familiaren hainbat belaunaldik egin zuten lan. Jatorrian buztingintzako tailer bat zen. 1958ean, baina, gauzak aldatu egin ziren Urrunagako urtegia egiteko lanak bukatu zirenean eta, ondorioz, eltzegileek baliatu ohi zuten lurra urpean geratu zirenean. Ordura arteko jarduerari agur esan behar izan zuten derrigorrez, urpean geratu zitzaielako beren lehengaia: buztina.

Eraikinari erantsita, garai bateko labetzarra dago. Bederatzi metroko altuera du eta oinplano laugangeluarrekoa da. Mendeetan zehar bere erraietan milaka pieza erre dira, harik eta 1958an lan egiteari utzi zion arte. Gaur, 1993az geroztik, monumentu gisa jasota dago Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Orokorrean.

Tailerra

Zalantzarik gabe, produkzio-tailerrerako bisita da Ollerietako Museoko jarduerarik erakargarrienetakoa, eltzegileak beren lanean ikusteko aukera eskaintzen duelako, erabilitako teknika eta metodoen inguruko informazio eta datu interesgarriz lagunduta.

Izan ere, tailerrean piezak nola egiten diren ikusteko aukera du bisitariak eta baita labean lehenengo aldiz 1000 ºC inguruko tenperaturan erre aurretik egiten den lan guztia ere. Prozesu horren azken aurreko urratsa ontziak esmaltatzea izaten da. Eta, ondoren, labean erretzen dira berriro, esmalteak beiratu eta koloreak finkatzeko. Azkenik, buztin-lantegian egindako piezak prest daude bertako dendan saldu ahal izateko.

Antzinako piezen erreprodukzioak ere egiten dira, jatorrizko ezaugarriekin eta neurrietan. Eta, horrez gain, enkarguz ere egiten dituzte piezak, erakunde eta enpresek nahiz pertsona partikularrek eskatuta.