Bidaiari

Bolunburuko kastroa, Bigarren Burdin Aroko herrixka gotortura bidaia

Bolunburuko kastroa ia-ia bere horretan mantendu da gaur egun arte. Kadagua ibaiak zeharkatzen duen Saltzedo Haraneko muino txiki batean dago, Zallan, 320 metroko altueran. Bertara hurbildu gara visitenkarterri webgunearen eskutik.

Kastroaren irudia.
Kastroaren irudia. (visitenkarterri.com)

Visitenkarterri-ren bidez, K.a. IV. mendera bidaiatu dugu, Bigarren Burdin Aroko herrixka gotortu batera, Bolunburuko kastrora.

Guztira, 4.000 m2-ko azalera hartzen du gotorlekuak, harresiz inguratutako esparru batek eta muinoaren hegoaldeko fronte osoa zeharkatzen duen kanpoko hobi batek mugatuta. “Itxitura” honi Bolunburuko haitzak ematen duen defentsa naturala gehitzen zaio iparraldeko aldean.

Hiru metroko zabalera eta bost metrotik gorako altuera izan zuen harlangaitzezko harresiak jatorrian. Hego-ekialdeko muturrean kastroak izan zuen ate bakarra dago. Etxebizitzak oinplano angeluzuzeneko etxolak ziren, material galkorrez eginak. Alabaina, haien egituratik, zimenduen hondarrak besterik ez dira gelditzen. Hala ere, estalpe, tailer eta biltegi izan ziren beste egitura batzuk ere identifikatu dira.

Sorgin-kondairak

Bertaratzen direnek aukera paregabea izango dute biztanleen eguneroko bizitza nolakoa zen irudikatzeko eta ulertzeko. Gaur egun badakigu herrixkaren ekonomia nahiko dibertsifikatua zela. Abeltzaintzan, iraupeneko nekazaritzan (zerealen eta lekadunen laborantzan, batez ere), basoko produktuen bilketan (etxebizitzen barruan ezkurra kiskali ugari aurkitu dira) eta burdinaren metalurgian oinarritzen zen. Baina, beharbada, hareharriz egindako esku-errota ugari agertu izana da tokiko berezitasunik deigarriena.

Bestalde, inguruetako toponimia adierazgarria da, “sorginak” aipatzen baititu (Zallako jentilizioetako bat dena, hain justu). Historialarien arabera, baliteke kondairak herrixkaren biztanleei lotuta egotea; adierazpenik handiena Sorginen Zelaian dute, bertan akelarreak egiten eta biribilean dantzatzen omen baitzuten ibaiaren ondoan.

Bolunburuko atsedenlekutik eta Euskal Herian ongien kontserbatutako La Mella monumentu-multzotik oso hurbil dago kastroa, Kadagua ibaiaren urek babestuta.