Omako Basoa margotzeko azken fasea hasi da eta urrian jendearentzat irekiko da
2022ko udan garatutako lehen fasean 14 multzo artistiko egin dira, aurreikusita zegoen bezala, eta guztira 454 zuhaitz margotu dira. Lekualdaketaren bigarren fasea martxoan hasi da, eta uda amaiera arte iraungo du. Urritik aurrera irekiko da publikoarentzat. Hala ere, bisita gidatu bidaz bisitatu daiteke.
Bizkaiko Foru Aldundiak diseinatutako Omako Basoa lekualdatzeko proiektuak bere bigarren eta azken fasea hasi du eta urrian jendearentzat irekiko dela iragarri du Bizkaiko Foru Aldundiak.
Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, EHUko irakaslea eta Omako Basoan lanean dagoen diziplina anitzeko taldearen buru den Fernando Bazetarekin eta Jose Ibarrola, artistaren semea denarekin batera, Agustin Ibarrolaren lana jarraitzeko proiektua garatzeko eta burutzeko hurrengo urratsak azaldu zituzten.
Diputatuak azaldu zuenez, «Bizkaiarentzat garrantzitsua eta esanguratsua den proiektu hau errealitate bihurtu da. Omako Basoak bere bizitza berreskuratzen dihardu. Gutxi falta da basoan barrena sartu eta artea eta paisaia uztartzen dituen leku paregabe honen magiaz gozatzeko».
2022ko udan garatutako lehen fasean 14 multzo artistiko egin dira, aurreikusita zegoen bezala, eta guztira 454 zuhaitz margotu dira. Lekualdaketaren bigarren fasea martxoan hasi da, eta uda amaiera arte iraungo du. Fase horretan, beste 400 zuhaitz eta 19 multzo artistiko margotuko dira, Omako Basoa osatzen duten 33 multzo artistikoak amaitu arte.
Bizkaiko Foru Aldundiaren proiektu hau Ibarrolaren obra honen ikerketa eta berrirakurketa lan sakona da, Foru Erakundearen enkarguz Bazeta buru duen diziplina anitzeko talde batek egina.
Jatorrizko asmoa
Lan horri esker aurkeztuko den obrak artistaren jatorrizko asmoa jasotzen du, izan ere multzoetako batzuk handitu egingo dira; behinola Agustin Ibarrolak ezin izan zuen hori egin. Omako basoa, Bizkaiko Kortezubi herrian kokatzen dena, osorik egongo da, bertan egon izan diren dokumentatutako multzo artistiko guztiak egongo dira, alegia.
Margotze prozesuan pintura ez kaltegarria erabiltzen ari da, eta artistak erabili zuen pintura mota bera bilatzeko lana ere egin da. Prozesua egileak multzoak islatu zituen modu berean egiten ari da, hau da, multzo bakoitzerako espazio egokienak identifikatzeko lehen lana, espazio eta perspektiba egokiak ikustea, bertan zirriborroak egitea eta, azkenik, horiek eskuz pintatzea.
Prozesu horretan, Bazeta irakasleak zuzendutako lantaldeak Bizkaiko Foru Aldundiak 2015ean egindako inbentario bat ere erabili du, bai eta digitalizazio proiektua ere, multzoak euren neurri eta ezaugarri zehatz guztiekin lekualdatu ahal izateko.
Omako Basoa urrian irekiko da jendearentzat, eta 33 multzo artistiko eta 800 zuhaitz baino gehiago margotuko dira, kilometro bat baino gehiagoko ibilbide artistikoa izango du.
Omako Basoa pintatzeko prozesuan murgilduta dago eta bisita gidatu bidez soilik bisitatu ahal izango da. Erreserbatzeko 94 465 16 57 telefonora deitu beharko da. Bi bisita antolatuko dira apirilaren 1etik aurrera, astelehenetik igandera, egunero, goizeko 10:30ean gazteleraz eta 12:30ean euskaraz, aurtengo irailera arte. Eta urrian, lana amaitu ondoren, jendearentzat erabat irekitzea dago aurreikusita.