Bidaiari

Maria Antonietaren gela pribatuak, zabalik Versaillesko jauregian

Versaillesko jauregiak 400 urte betetzen du aurten eta, urteurrena nolabait ospatzeko, ekainaren bukaeran Maria Antonietaren gela pribatuak zabalduko ditu, bisitariek ikus ditzaten.

Maria Antonietaren gela pribatu bat
Maria Antonietaren gela pribatu bat (CHRISTOPHE ARCHAMBAULT | AFP)

Maria Antonietaren gelak misterioz betetako espazio intimoak dira, seguruenik jauregian betidanik interes eta ikusmin gehien sortu izan dutenak. Luis XVI.aren erregina ezkontidea zen, eta gillotinatuta hil zen Frantziako Iraultzan.

Hain zuzen ere, bere bizitza pribatuaren “babesleku” horretatik egin zuen ihes erreginak Frantziako Iraultzan atxilotua izan aurretik. Erabat berriztatu dute, hamar urteko ikerketa, zaharberritze eta erosketen ondoren.
 
Maria Antonietaren espazioa ez ezik, Trianon eta Hameau de la Reine delakoak ere zaharberritu dituzte. Aretoak, liburutegiak eta billar-gela batek osatzen dute Maria Antonietaren unibertso ezkutua. Neurri txikiko gelak dira, bi solairu eta ehun metro karratutan kokatutakoak. Guztiek leiho txikiak dituzte barruko patio txiki batera zabaltzen direnak.

Ebanisteria, urre koloreko objektuak, kotoizko oihalak, urrutitik itsasontziek ekarritako altxorretan inspiratutako motibo exotiko eta lorezkoak, luxuzko brodatuak, zetazko tapizak, altzariak, arte-objektuak, pintura baliotsuak... Maria Antonietaren bizimoduaren lekuko bihurtu dira gela horiek.

Logelako errezelean ezkutatutako ate batetik zuen sarbidea Maria Antonietak. Ate horretatik egin zuen ihes 1789ko urriaren 6an. Inoiz ez zen berriz itzuli Versaillesera eta han amaitu zen monarkia egun horretan.

Ikusleek horma eta altzarietan aurkituko dituzten altxorren artean, “Ananazko mihise handia” dago, zeinean fruta exotikoa azaltzen den adar, lore eta txori artean.

Maria Antonietak bazuen fruta horren “erretratu” bat, oso gogoko zuena, bere urrezko kabinetean zintzilikatua. Japoniar lakazko objektu bitxien bilduma ere ikusiko dute bisitariek, bere garaiko Europako garrantzitsuenetako bat.