Bidaiari

Gesaltza Añanako Gatz Harana, esperientzia zirraragarria

Arkitektura ikusgarria, 6.500 urteko historia, ezaugarri geologiko paregabeak, paisaia ezohikoa... Gesaltza-Añanako Gatz Harana bisitatzen duenak esperientzia ahaztezina sartuko du motxilan.

Gatzagaren irudia.
Gatzagaren irudia. (FOKU)

Gesaltza-Añanako Gatz Haranera hurbiltzen dena aho zabalik gelditzen da, bai bisitariei eskaintzen dien pasaia arkitektioniko ikusgarriagatik, baita bere historiaren inguruko datu eta zifra deigarriengatik ere: munduko gatz-fabrika zaharrenetakoa da (6.500 urteko historia dokumentatua du), Europan ongien kontserbatu dena da, 200 milioi urte edo gehiagoko itsaso batetik dator, 5.000 larrainez osaturiko eta naturan kokaturiko monumentu aparta da...

Historia eta ezohiko arkitektura gatzagako ezaugarri bereziak dira, baina aipagarriak dira, halaber, balio geologikoak, biodibertsitatea eta paisaia, Euskal Herriko ezohikoenetakoa.
 
Bertaratzen denak aurrez aurre ikusi ahal izango du gatzaren prozesua: larrainetan ur gazia bota eta eguzkiaren lurrunketaren bitartez gatza eskuratzen da. Ura egurrez osatutako ubide sare zabal eta berezi baten bidez Gatz Haraneko gunerik ezkutuenetaraino garraiatzen da.

Eguzkiaren lurrunketaren bitartez

Paisaia kultural bakan honen historiaren eta arkitektura harrigarriaren inguruan ibilbidea egiteaz gain, oinak eta eskuak gatzunetan bustitzeko aukera ere izango dute bisitariek, eta bertatik bertara ezagutu ahal izango dituzte gatz-ekoizleen milaka urteko lanbidearen oinarriak. Paisaia natural eta ondare pribilegiatuko ingurune honen berezitasunez gozatzeko aukera ere izango dute. Kontuan izan behar da, halaber, haran gazia fenomeno geologiko bitxienetako baten gainean dagoela, diapiro baten gainean, hain zuzen ere, eta ingurunean dagoen gazitasunaren ondorioz, bertako ekosistema paregabea dela.

Dena dela, Añana gatz-fabrika baino gehiago da; izan ere, Gobiaranera eta Valderejoko Parke Naturalera sartzeko ate naturala izateaz gain, ondare handia du, hala nola Erdi Aroko aztarnak; bikain kontserbatu diren errementeriak, sutegiak eta labeak; eliza bat, zenbait baseliza eta penintsulan oraindik ere aktibo jarraitzen duen Jerusalengo San Juanen Ordena Militarreko azken komentua; zenbait jauregi eta, herriaren ondoan, duela hogeita bi milioi urteko animalien eta landareen arrastoen aztarnategi garrantzitsu bat.

Varonatarren Dorretxera, hurbil

Gainera, behin gatzaga bisitatu eta gero, merezi du hamaika kolometrotara dagoen Varonatarren Dorretxera joatea. Ur-erretena mantentzen duen Arabako gaztelu bakarra da, eta XII. mendetik datorren familia baten ondorengo zuzenak bizi dira bertan.

Bisitaldi gidatuan parte hartzen duenak aukera izango du gatz spa batez gozatzeko edo egun batez gatz-egile bihurtu eta Añanako Gatza ekoizteko.