Bidaiari

Copacabana Palace hotelak ehun urte bete ditu

Josephine Baker, Bob Marley, Freddy Mercury, Madonna, Ayrton Senna, Walt Disney, Robert De Niro, Nelson Mandela... Hamaika pertsonai ospetsu pasa dira Copacabana Palace hoteletik zabaldu zenetik, orain ehun urte. Jakina, dena aldatuta dago...

Argazkien galeria, hotelean.
Argazkien galeria, hotelean. (MAURO PIMENTEL | AFP)

1923ko abuztuaren 13an ateak lehen aldiz zabaldu zituenetik, munduko hamaika izar, politiko eta jende ospetsu pasa dira euren areto dotore, luxuzko suite eta balkoi ezagunetatik.

«Copacabana Palace hotel bat baino gehiago da, erakunde bat da», adierazi du hoteleko kudeatzaile Ulisses Marreiros-ek.

Josephine Baker, Bob Marley, Freddy Mercury, Madonna, Gal Costa, Ayrton Senna, Walt Disney, Robert De Niro, Nelson Mandela, Isabel II.a erregina... Hamaika argazki daude ikusgai mendeurrenerako propio berdiseinatutako erretratu galerian, areto handi baten gainean dagoen korridoran.

Argazkietako batzuk hotelean bertan atera zituzten, hala nola Brigitte Bardote-na, balkoi handiaren gainean, edo Antonio Banderasena, igerileku gaineko horma estu batean pirueta arriskutsu bat eginez.

Janis Joplin eta Orson Welles

1970ean Janis Joplinek biluzik igeri egin zuen eta, garai hartako prentsaren arabera, handik bota egin zuten hotelekoi arduradunek. Hamarkada batzuk lehenago, inspirazio gutxiko egun batean, Orson Welles-ek idazmakina bota zuen leihotik behera eta, lekukoek esaten dutenez, bainulari batzuk hiltzeko zorian egon zen. 

Hoteleko arduradunen ustetan, bisita-liburua benetako erlikia da. Burdinazko kutxatila batean ederki gordeta dago. Eskularru zuriak behar dira sinadura ospetsuz betetako orrialdeak pasatzeko. Han dago, besteak beste, Pelé-rena, baloi bat marraztu baitzuen futbol-arku baten barruan.

Erretratuen galeria ikusgai dagoen pasilloaren amaieran, hotelaren argazki handi bat dago, berria zenean ateratako irudia. Harrigarria da gaur egungo paisaiarekiko kontrastea. Aurrealdea kasik isolatuta dago, hareazko pasaiaz inguratuta, kostaldean bizpahiru solairuko etxe gutxi batzuk besterik ez dituena.

Ez du zerikusirik gaur egun ikusten denarekin: ehunka eraikin ilaran, gehienak luxuzko hotelak, bata bestearen atzean, munduko hondartzarik ospetsuenetakoaren aurrean.

Joseph Gire arkitekto frantsesak diseinatu zuen Copacabana Palace joan den mendearen hasieran Riviera Frantsesean eraikitako hotel enblematikoetan inspiratuta, tartean, Nizako Negresco eta Cannesko Carlton hoteletan.