Bidaiari

Kuélap gotorlekua, berriz zabalik

Turistek berriz ikus dezakete Chachapoyas kulturak eraikitako Kuélap gotorleku prehispanikoa, urtebete itxita egon ondoren berriro zabaldu baititu ateak. Hori bai, “Iparraldeko Machu Picchu” delakoak mugatuta izango du bisitarien kopurua.

Kuéla goterlekuaren irudia.
Kuéla goterlekuaren irudia. (Getty Images)

Kuélap gotorleku prehispanikoa, Chachapoyas kulturak eraikia eta Perun “Iparraldeko Machu Picchu” bezala ezaguna dena, berriz dago zabalik, baina bisitarien kopurua mugatuta izango du, lehen ez bezala. Zehazki, eguneko 144 bisitari soilik gerturatu ahal izango dira gotorlekura. Urtebete egon da itxita, harri erorketa baten ondorioz.

Kuélap harresi perimetrikoa, Tingo barrutian kokatua, Amazoniako Luya probintzian, 2022ko apirilean erori zen, euri-jasa baten eraginez. Ordutik, aztarnategiko sarrera itxita egon da, arkeologoak eta adituak hura mantentzeko lanean ari ziren bitartean.

«Dinamizazio ekonomikoa»

«Gorde, mantendu eta zaindu beharreko gotorleku handia» dela eta berriro irekitzeak eskualdean «dinamizazio ekonomikoa» eragingo duela esan dute bertako arduradun politikoek, «turismoarekin zuzenean edo zeharka lotura duten negozioek pixkanaka-pixkanaka erritmoa berreskura dezaten lagunduko duelako». Dena dela, gehitu dute «modu artikulatuan erakunde guztiek zaindu behar dutela Kuelap, aztarnategia historiararen parte izan dadin eta ez soilik une bateko bultzada turistikoa».

«Kuélap da, berez, gure arbasoak nolakoak izan ziren esaten diguna; inken aurreko kultura da, oso baliotsua, eta ezin dugu alde batera utzi. Kuélapen aldeko apustua egiten jarraitu behar dugu», gaineratu dute.

Kuélap iparraldeko Amazonas eskualdean dago, Ekuadorrekin mugan, eta «Iparraldeko Machu Picchu» deitzen zaio, Andeetako Cuzco eskualdean kokatutako inka gotorlekuaren antzeko tamaina, garrantzi eta kokapenagatik, batez ere.

Hala ere, Chachapoyetako hiri gotortua itsas mailatik 3.000 metrora dago, arroilaz eta amildegiz betetako eremu malkartsu baten erdian, Machu Picchu baino askoz ere gorago, azken hau 2.400 metro inguruko kotan baitago.

Gainera, 950 kilometroko eta ia 900 urteko aldea dute, Kuélap VI. mendean eraiki baitzen; hau da, Machu Picchu baino ia milurte bat lehenago, eta hori, noski, eraikinen estiloan ikus daiteke: inkena baino arkaikoagoa da Kuélap, haiek harri zizelkatzaile adituak zirelako.