Bidaiari

Mexikoko Arteen Museoan, tatuajeak artelan

Guadalajarako (Mexiko) Arteen Museoan (MUSA) ikusgai dagoen erakusketa batean tatuajea adierazpen artistiko bat bezala azaltzen da. Helburua da larruazala mihise gisa erabiltzen duen milaka urteko teknika sustatzea.

Profesional bat tatuajea egiten.
Profesional bat tatuajea egiten. (Getty Images)

Mexikoko Guadalajarako Arteen Museoan (MUSA) zabaldutako bildumaren arduradun Florencia Mayagoitia Velozen esanetan, tatuatzaile profesionalei espazio berezi bat eskaini nahi izan die  jarduera hau artetzat har daitekeela frogatzeko.

«Tatuajea arte bat dela esango genuke, beste edozein arteren ezaugarriak dituelako: tresnei buruz ikasi behar duzu, kolorea, materialak eta mihisea ulertu behar dituzu benetan lan bat sortzeko, sortzailea izan behar duzu eta zure estiloa aurkitu; benetan aldatzen dena mihisea da», adierazi du.

Erakusketa “Artista egoitzan” programaren barruan dago. Bertan, Guadalajarako hiru estudiotako hamar tatuatzaile profesionalek hartu zuten parte. Ikusleei irudiak azalean islatzeko prozesua erakutsi zieten, baita beren diseinuak egitera animatzeko tailerrak egin ere.

Artelanez, tatuatzeko makinez, erreprodukzio grafikoez, serigrafiez eta bideoez osatuta dago erakusketa, baita egoitza artistikoan egindako tatuajeen marrazkiez ere.

Tatuajearen historia eta teknikak

Halaber, munduko tatuajearen historia aztertzen du erakusketak, kultura desberdinek larruazala beren sinesmenen arabera apaintzeko edo marrazteko teknika nola eraldatu den azaltzen duten argazkien bidez.

Historia garaikidea ere jorratzen du; tatuaje txikiak egiteko gaur egun erabilitako teknikak eta prozesuak erakusten ditu: letra bat, gorputz osoa har dezaketen irudiak, proportzioak mantentzen dituztenak eta gorputz-atal bakoitzaren ezaugarrietara eta mugikortasunera egokitzen direnak.