Bidaiari

Lehen mugimendu artistiko beltzari buruzko erakusketa, MET Museoan

New Yorkeko Metropolitan Museoak (MET) iragarri du datorren urtean Harlem Renaissance-ri buruzko erakusketa handia zabalduko duela, AEBetako artista beltzek sortutako eta gidatutako lehen mugimendu artistikoari buruzkoa, alegia.

New Yorkeko Metropolitan Museoan ikusgai izango den artelan bat.
New Yorkeko Metropolitan Museoan ikusgai izango den artelan bat. (HANDOUT | AFP)

METek antolatutako Harlem Renaissance-ri buruzko erakusketa otsailaren 25ean inauguratuko da eta uztailaren 28ra arte egongo da ikusgai; 1920ko eta 1940ko hamarkaden artean ekoitzitako 160 artelanek osatzen dute, New Yorkeko Harlem edo Chicagoko South Side bezalako auzo beltz enblematikoak itxura hartzen hasi ziren garaikoak, landa-hegoaldetik iritsitako komunitate beltzen migrazio masiboaren ekarpenekin.

METek ohar batean adierazi duenez, arte afroamerikarra arte modernoaren zati gisa kokatuko duen lehen erakusketa izango da, «artista beltzak eta gai beltzen erretratu erabat berriak» jarriko baititu erdigunean, «bizimodu moderno berriak ulertzeko»,

Artelanak –pinturak, eskulturak, muralak eta inprimatutako obra grafikoak– hainbat unibertsitate beltzetan, Washingtongo Smithsonian Museoan eta kultura beltzaren beste ikerketa-zentro batzuetan lortu dira.

Gai gatazkatsuak ere bai

Erakusketa antolatu dutenek gogora ekarri dute aukeratutako autore askok aldi luzeak igaro zituztela Europan –Parisen, Londresen eta kontinentearen iparraldean–, non gerren arteko aro emankorraren joera artistikoez blaitu ziren, ondoren hura guztia eguneroko bizitzan aplikatuz eta «garaiko arraza-estereotipoak baztertuz».

Hala ere, erakusketak ez ditu gai gatazkatsuak saihestuko, hala nola orduko klase-borroka eta sexualki desberdinak ziren komunitateen egoera. Hori guztia oraindik eskubide zibilen aldeko borroka abiatu gabe zegoen garaian.