Bidaiari

Guggenheim Museoak, gero eta bisitari gehiago

Turismoak Euskal Herrian gora egin duen bezalaxe, gora egin du, halaber, Guggenheim Museoaren bisitari kopuruak. Izan ere, kanpotarren opor agendetako zerrenda gehienetan agertzen da; askotan zerrendaburu da gainera.

Yayoi Kusamariren erakusketa.
Yayoi Kusamariren erakusketa. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Azken datuen arabera, 2023ko uda Guggenheim Museoaren historiako onena izan da bisitarien kopuruari dagokionez. Hiru hilabetetan (ekaina, uztaila eta abuztua), guztira, 489.946 lagun pasa dira bertatik; hau da, epealdi berean 2022an bertaratutakoak baino 40.469 gehiago, eta orain arte urterik onena izandako 2018an baino 44.799 gehiago. «Aurtengo emaitza bikainek Museoaren osasuna eta bisitariak erakartzeko gero eta ahalmen handiagoa berresten dituzte», esan dute Bilboko museoko arduradunek.

Hilabeteka sailkatuta, ekainean 106.418 bisitari izan ziren, iaz baino 305 gehiago; uztailean, berriz, 165.41, 2022an baino 17.488 gehiago, eta, azkenik, abuztuan, 218.087, iaz baino 22.676 gehiago. Museoak bisitari gehien izan zuen eguna abuztuaren 16a izan zen, 8.949 lagunekin.

Gehienak, nazioartekoak

Bisitari gehienak nazioartetik etorritakoak dira (%68, iaz baino %3 gehiago); beste behin ere, frantsesak nabarmendu dira (guztien %17), eta, ondoren, italiarrak, alemanak eta herbehereetarrak (%7a) eta Britainia Handikoak (%6).

Modu honetan, aurten, abuztuaren 31ra bitarte, 898.513 bisitari izan ditu Guggenheim Museoak, joan den urtean baino %15 gehiago eta 2018an baino %7 gehiago.

Azken urteotako datuen arabera, beraz, argi dago Guggenheim erreferente bihurtu dela Euskal Herriko Turismoan eta gero ete jende gehiago erakartzen duela. Asko dira, halaber, museoa bisitatzen duten turista katalanak, galiziarrak, madrildarrak eta andaluziarrak.