Bidaiari

Arabako Pintxoaren Aste Nagusia, hitzordu turistiko gustagarria

Arabako Pintxoaren Aste Nagusiak, seguruenik, bisitariak erakarriko ditu Gasteizera; izan ere, antolatzaileen ustetan, hiriko zein lurraldeko agendako ekitaldi gastronomiko nagusietakoa bilakatu da. Aurten irailaren 4tik 12 bitarte ospatuko da.

Zenbait pintxoren irudia.
Zenbait pintxoren irudia. (Getty Images)

Arabako Pintxoaren 2023ko Aste Nagusia egingo da irailaren 4tik 12ra bitarte Gasteizko eta lurralde osoko ostalaritza establezimenduetan. Lehen fasean, irailaren 10era bitarte, lehiaketarako proposatutako pintxoak dastatzeko aukera izango da.

Berariaz sortu den gailu mugikorretarako aplikazio batek erakutsiko du ekimenari buruzko informazio guztia, parte hartuko duten establezimenduekin eta pintxoekin. Pintxoak probatu ostean, gustukoenen aldeko botoa eman ahal izango da aplikazioaren edo www.alava.pintxos.eus webgunearen bidez, eta lokaletan ikusgai jarritako karteletako QR kodea erabili beharko da horretarako.

Bertako profesionalen sormena

«Arabako Pintxoaren Aste Nagusia da gure hiriko eta lurraldeko agendako ekitaldi gastronomiko nagusietako bat. Horri esker, bertako profesionalen sormena sustatu daiteke. Hain zuzen ere, gure lurreko produktuen aldeko apustua egiten dute profesional horiek batez ere. Gasteiztarrak gonbidatu nahi ditugu aurtengo edizioko pintxo zaporetsu horiez gozatzera», adierazi du Maria Nanclares ekimenaren laguntzailea den Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko zinegotziak.

Irailaren 4tik 10era bitarte jasotako puntuazioekin sailkapena egingo da, eta bertan erabakiko da zein pintxok jasoko duen Arabako Pintxoaren Aste Nagusiko Herritarren Saria, 500 eurokoa. Lehen fasean bertan, epaimahai profesional eta anonimoa establezimendu batetik bestera ibiliko da proposatutako pintxoak dastatzen, eta irailaren 12an jokatuko den finalera igaroko diren hamar hautagaien azken zerrenda prestatuko du.

Azken fasea, showcooking formatuan

Bukaerako fasea showcooking formatuan egingo da, irailaren 12an, Gasteizko La Peña Vitoriana Tenis Clubean, 17:00etan, sarrera librearekin. Bertan, sukaldariek beren pintxoak aurkeztuko dituzte gastronomiaren munduan ospe handia duten profesionalek osatutako epaimahaiaren aurrean.

Epaimahaiak aukeratuko ditu pintxo irabazleak honako ezaugarri hauek kontuan hartuta: zaporea, originaltasuna, errezeten aurkezpena eta tabernako zerbitzuaren testuinguru barruko bideragarritasuna. Sari banaketa 19:00etan egingo da: Urrezko Pintxoaren establezimendu irabazleak 2.000 euro jasoko ditu, Zilarreko Pintxoarenak 1.000 euro eta Brontzezko Pintxoarenak 500 euro.