Olarizu Eguna: ibilaldia 38 mugarritan barrena
Urtero bezala, irailaren 11n Olarizu Eguna ospatuko da Gasteizen. Zelaietan egingo den babarrun janak, musikak, herri-kirolek eta suzko zezenak osatuko dute jai tradizional honen egitaraua. Beraz, egun aproposa da Olarizu inguruak ezagutzen ez dituztenak hurbiltzeko.
Olarizu jai-egunarekin, Gasteizek agur esango dio udari, eta ongietorria egingo dio udazkenari. Udalerria mugatzen duten mugarrietan zeharreko ibilbide batekin hasiko dute eguna. Aurten ia 10 kilometroko ibilbidea egingo du udalbatzak, 38 mugarritan barrena. Lubiano, Jungitu, Matauko, Argomaniz eta Andollu herrietatik igaroko dira, besteak beste. Goizeko 9etan abiatuko dira, Plaza Berritik. Udal Txistulari Bandaren doinuari jarraituz, udalbatzak hasiera emango die Olarizu eguneko ekitaldiei. Lehenengo mugarria 333 zenbakiduna izango da, Lubianon dagoena. Azkena, berriz, 371 zenbakiduna, Andollun.
Egitarauan txertatutako ekitaldi gehienak zelaietan egingo dituzte. Hala, eguerdiko ordu batean babarrun jana hasiko da, Boilurrek antolatuta. Olarizu mendiaren gailurrean, berriz, angelusa egingo dute. Handik gutxira iritsiko da udal-segizioa, eta Olarizuko Etxaldean bazkalduko du, Gasteizko kontzejuetako ordezkariekin batera.
Ohiko erromeria
Arratsalde osoan zehar haurrentzako jolasak, kalejira, musika, dantza eta herri-kirolak izango dira, bertako produktuen postu tradizionalez gain. Erromeria arratsaldeko 8etan itzuliko da zelaietatik. Udaleko zinegotziak Plaza Berrira abiatuko dira eta, han, Udal Musika Bandak egingo die harrera, “Viva Vitoria” interpretatuta. Apur bat geroago amaituko da eguna, suzko zezenarekin.
Udalak gasteiztar guztiak animatu ditu: «Hurbildu zelaietara eta gozatu ekitaldiz betetako egun batez. Gure lur eta baserrietako produktuak, babarrun jana, musika, dantza, jolasak edo herri-kirolak. Adin guztietarako jarduerak. Eguraldia lagun izatea eta zelaiak betetzea espero dugu, jendeak ikasturte berriari hasiera ematen dion tradizio polit honetaz goza dezan, familia eta lagunekin».