Bidaiari

Noain, elikadura osasuntsu eta jasangarriaren topagunea

Nafarroako Azoka Ekologikoa Noaingo Zentzumenen Parkean egingo da aurten ere, irailaren 15tik 17ra. Hogeita hamar postu baino gehiago bilduko ditu eta hamaika jardueraz gozatzeko aukera eskainiko du, elikagai osasuntsu eta jasangarrien kontsumoaz sentsibilizatzeko.

Kartela.
Kartela. (Azoka ekologikoa)

Nafarroa Ekologikoaren VIII. Azokak, urtero bezala, hamaika jarduera eskainiko ditu –gune gastronomikoa, hitzaldiak, tailerrak, musika, antzerkia, haurrentzako ekitaldiak...– eta ehunka lagun bilduko ditu Noainen. María José Arrondo CPAEN/NNPEKeko presidenteak aurkezpen ekitaldian adierazi zuenez, «gero eta pertsona gehiagok eskatzen dituzte elikagai osasuntsuak, kimikorik gabekoak eta modu iraunkorrean ekoitzitakoak, sektore estrategikoa eta etengabe hazten ari dena izanik».

Horregatik guztiagatik, Nafarroa Ekologikoaren VIII. Azokak eskaera horri erantzuten dio, «kontsumoa sustatzeko, elikagai ekologikoak ezagutarazteko eta ekoizleentzat merkaturatzeko bide laburrak ezartzeko».

Azoka ostiraletik igandera bitartean ospatzen bada ere, beste hitzordu bat antolatu dute aurretik. Hilaren 14an, El Mar del Norte taldeak antzerki ikuskizuna eskainiko du, Biela y Tierra taldearen laguntzarekin: “Y si mueren los tritones”. Ikuskizunak elikagaiei eta horiek osasunean eta gizartean duten eraginari buruzko hausnarketa proposatzen du.

Irailaren 15ean, ostirala, hasiko da azoka, 17: 00etan, zuzeneko salmentako 33 posturekin. Bertan, enpresek eta ekoizleek ardoa, garagardoak, gaztak, olioak, lekaleak, txokolatea, kafeak, marmeladak, barazkiak, kontserbak, haragia, haziak, kosmetika, ogiak eta pastak edo zukuak eskuratu ahal izango dituzte, besteak beste.

Enpresa ekologiko gehienak Nafarroakoak badira ere, Errioxatik, Andaluziatik, Valentziatik eta  Kantabriatik ere hurbilduko dira azokara.

Hamaika jarduera

Azokaz gain, gastronomia-gunean jaki ekologikoak dastatu ahal izango dira Geltoki elkartearen eskutik, eta, iaz bezala, bertako animalia eta arrazen erakusketa gune bat egongo da larunbatean, baita haurrentzako txoko bat ere, asteburu osoan jolasteko gunearekin.

Gainera, bisita gidatuak antolatu dira Zentzumenen Parkera, janari-dastatze, musika eta antzerki emanaldiekin. Jardueren artean, nabarmentzekoak dira showcookinga, Goiza Isiegasekin, CPAEN/NNPEKen EKOchef eta “Biela eta Lurra bidean: gure elikadura aldaketaren eragile gisa” liburuaren aurkezpena.

Azoka familia-gune gisa ere pentsatuta dago eta, beraz, txikienek ostiraletik igandera zenbait jardueraz gozatu ahal izango dute: puzgarriak, askariko “txikizumoa” tailerrak, zirku tailerra, yoga familiarra eta erraldoien konpartsa, besteak beste.