Eraztun Berdearen Ibilbidean parte hartzeko deialdia
Urriaren 8an egingo da Gasteizko Eraztun Berdearen Ibilbidea. Aurtengoa 19. edizioa izango da eta, urtero bezala, dozenaka gaztek zein helduk hartuko dute parte. Aukera polita da ariketa fisikoa egiteko eta, bide batez, inguruaz gozatzeko.
Gasteizko Ingurumen Gaietarako Ikastegiak Peña Karria Mendi Klubarekin lankidetzan antolatutako Eraztun Berdearen 19. Ibilbidean parte hartzeko izena emateko epea ireki da. Urriaren 8an egingo da, eta aurten, berritasun gisa, 07:30ean abiatuko da Olarizuko Lorategi Botanikoko Etxaldetik. Helmuga ere bertan egongo da.
Lehia helbururik ez duen oinezko ibilaldian parte hartu nahi dutenek urriaren 4ra arte eman ahalko dute izena www.vitoria-gasteiz.org webgunean edo aurrez aurre Gasteizko gizarte etxeetan eta kiroldegietan, hiru euro ordainduta. Parte hartzaileek 29 kilometro egin beharko dituzte behar bezala seinaleztatuta egongo den ibilbidean, eta indarrak berreskuratzeko ezinbesteko anoa gunea ere izango dira.
Ariketa eta ingurua
«Gasteiztarrak animatu nahi ditugu Eraztun Berdea Ibilbidearen 19. edizioan parte hartzera. Ariketa egiten dugun bitartean, gure hiri inguruko parke ederretan barneratzeko aukera bikaina izango da», adierazi du Gasteizko Udaleko Ingurumenaren zinegotzi Borja Rodriguezek.
Aire zabalean egingo den kirol horretarako oinetako eta arropa egokiak eramatea gomendatu dute. Parte hartzeko gutxieneko adina 14 urte izango da.
Ibai eta errekak, hezeguneak, labore lurretan txertatutako basotxoak eta Arabako Lautadako herrixkak bisita daitezke Eraztun Berdean ibiltzean.