Bidaiari

Ondarearen Europako Jardunaldietan, hamaika jarduera Bizkaian

Euskal Herrian Ondarearen Europako Jardunaldiak egingo dira, urtero bezala, eta Bizkaian 150 kultura jarduera baino gehiago eskainiko dira 70 udalerritan. Prestatutako egitaraua zabala eta anitza da.

Aurtengp edizioko kartela.
Aurtengp edizioko kartela. (Ondarearen Europako Jardunaldiak)

Ondarearen Europako Jardunaldien helburu nagusia da ohiturei, ahozko adierazpenei, usteei, jaiei, sukaldaritza arteei, errituei, ogibideei, artisautza teknikei, dantzei, musikari eta jolasei lotutako kultura ondarearen balioa azpimarratzea, lurraldearen nortasunaren parte baitira, eta bizirik iraun dezaten, zaindu eta babestu egin behar baitira.

Jardunaldiek aukera paregabea eskainiko dute Bizkaiak duen ondare kulturalaren parte diren adierazpen kultural ugari eta baliotsuez gozatzeko, zabaltzeko eta birsortzeko. «Ospakizuna aukera bikaina da Bizkaiko kultur ondare ez-material aberatsa nabarmentzeko eta zaintzeko», adierazi dute Diputazioko arduradunek.

Diputazioak antolatzaileen lana goraipatu du: «Jardunaldiak Bizkaian, Europa mailan erreferente dira eta hori antolatzaileen aniztasuna, ugaritasuna eta inplikazioa programaren ezaugarrietariko bat dalako da. Antolatzaileak programaren oinarria direla esan beharra dago, eurek asmatu eta antolatzen dute programa Aldundiren gidaritzapean».

Jarduera gehienak doakoak izango dira, eta Ondarearen Jardunaldien katalogoan zehaztuko dira. Gainera, agenda kontsultatu eta erreserbak egin daitezke online webgunean.

Bost eremu

Bizkaian egingo diren Ondarearen Europako Jardunaldietan, ondare immateriala osatzen duten bost eremuetako hainbat ekitaldi eskainiko dira: Ahozko Tradizioak eta Adierazpenak, Ikuskizunen Arteak, Gizarte Erabilerak, Erritualak eta Jaiak, Naturarekin eta Unibertsoarekin lotutako Ezagutzak eta Erabilerak, eta Artisautza Teknika Tradizionalak.

Ahozko tradizioak gure ondarearen ezinbesteko elementua dira, besteak beste euskara eta euskalkiak, esaera zaharrak, ipuinak, abestiak eta asmakizunak. Horrekin lotuta, Getxoko eta Artzentalesko hainbat auzotako toponimia ezagutaraziko da. Ahozko literaturari dagokionez, hitzaldien eta kontzertuen bitartez kopla tradizionalak ezagutuko ditugu. Agus Barandiaranek eta Xabier Amurizak “Koplariak Koplari” ikuskizuna eskainiko dute Euskal Herria Museoan eta Maruri Jataben. Euskalkiak Lekeition, lexikoa Galdamesen, edo Bermeoko betiko abestiak izango dira beste proposamen batzuk.

Bertsolaritza ere Mungiako hainbat jardueren protagonista izango da, Taket Bertso Eskolaren 25. urteurrenarekin bat etorriz. Bestalde, Bilboko Euskararen Etxeak antzerkia eta bertsolaritza oinarri dituen “Kea” ikuskizuna antolatuko du Euskal Idazleen Elkartearekin batera.

Ikuskizunen Arteak

Jardunaldi hauetan musika, dantza tradizionalak, herri antzerkiak eta jaietako antzezpenak antolatuko dira. Besteak beste, Gordexolan “San Kosmeren Erromeria” eta Abanto Zierbenan Santa Luziarena. Dantza tradizionalarekin lotutako jarduerak ere azpimarratu dituzte, hala nola Bakioko “Txakolin dantza”, Berrizko, “Dantzari dantza”, Santurtziko “Kaskarot” edo Lanestosako “Arkuen dantza”.

Barakaldon dultzainen erakusketara joateko aukera ere izango da, eta zuzenean ezagutu ahal da Arkotxako “Pasio Bizia” (Zaratamo).

Gizarte erabilerak, erritualak eta jaiak eremu handienetakoa da, askotariko ekitaldiak barne hartzen baititu. Erlijio jaiekin lotutako ospakizunak (Gabonak, Inauteriak, Aste Santua), herrietako jaiak, bizitzarekin eta heriotzarekin lotutako erritualak, jolasak eta kirolak, sukaldaritza tradizioak eta gizartekoitasun kolektiboko formak, besteak beste. Horien artean daude Amorebieta-Etxanoko Bizkargi Eguna, Abanto Zierbenako Sagardo Eguna eta Orozkoko Gaztaina Eguna.

Herri kirolak egongo dira Getxon, Gamiz-Fikan eta Laukizen, eta Bola jokoak Zeanuriko bola jokoen txapelketaren protagonista izango dira. Busturian iraganeko eta egungo umeen jolasak ezagutaraziko dira tailer praktiko batean eta ikus-entzunezko proiekzio baten laguntzarekin.

Gastronomia, garrantzitsua

Gastronomia oso garrantzitsua da, eta hainbat produktu dastatzeko eta bestelako jarduerak egiteko aukera egongo da Maruri-Jataben, Otxandion, Abanto Zierbenan, Garain, Izurtzan eta Mañarian. Orozkon eta Urduñan limonada suila egingo da, Urduñan malba zurizko gozokiak, Negurin Zurikaldaiko pastelak eta Berrizen errezeta sekretuko pontxea prestatuko dute.

Naturarekin eta unibertsoarekin lotuta

Jardunaldietan, beren lekua izango dute fauna eta florari, medikuntza tradizionalari eta naturaren antzinako ezagutzari lotutako usteek. Leioan Arboretum ibilbide berdea bisitatuko da, eta Getxon Eguzki loreari buruzko tailer bat antolatuko da. Gainera, Loiuko Natur Zientzien Museoan “Munduari bira zuhaitzen bitartez” bisita egingo da, eta Zaldibarren sendabelarren propietateak ezagutuko dituzte, eta sorginen prestakuntzei buruzko tailerrak eskainiko dira.. Elorrion, artoaren orriak modu sortzailean erabiltzen ikasiko dute hurbiltzen direnek.

Mitologiari eta usteei buruzko hitzaldiak egingo dira Bilbon eta Mañarian, eta Gorlizen horien inguruko erakusketa antolatuko da. Eta Diman, Baltzolara eta Jentilzubira bisita gidatua egiteko aukera egongo da.

Artisautza teknika tradizionalak

Azkenik, programan falta ezin ziren ondare immaterialaren elementuak dira artisautza, eta bereziki ogibidearen ezagutza, teknika, materialak eta prozesuak, eta lehen sektoreko lanak. Urduñan, adibidez, museoan egingo den bisita gidatuan hiriko ogibide tradizionalak eta artisautza jarduerak ezagutuko ditugu (sastreak, jostunak, ehuleak...). Gainera, zumearekin eta artilearekin tailerrak egingo dira. Eta Mallabian, baserrietako tresna tradizionalak erakusketa eta hitzaldi baten hizpide izango dira.

Nekazaritza eta arrantza bizitzeko ezinbesteko modua izan dira, eta landako eta itsasoko herritarren jarduerari buruzko hitzaldiak eta bisitak antolatuko dira. Horien artean daude, besteak beste, Bermeoko atzoko eta gaurko arrantza ezagutzen jarduera, Santurtzin dagoen Agurtza arrantza ontzi tradizionala, eta Karrantza-Haranako artzain kultura. Azkenik, “Nerbioi itsasadarra, bizitza itsasaldien artean” erakusketa eta dokumentala eskainiko dira batera Bilboko Itsasmuseumen eta Getxoko Punta Begoñako galerietan.