Bidaiari

Bilboko Zirkuitua, hiriko auzoak bisitatzeko aitzakia aproposa

Bilboko Zirkuitua programaren denboraldi berriak hamar saio eskainiko ditu urriaren 5etik abenduaren 28ra arte. Beraz, aitzakia aproposa eskainiko du hiriko zenbait auzo bisitatzeko, honako hauek, besteak beste: Basurtu, Begoña, Errekalde, Otxarkoaga, San Frantzisko eta Zorrotza.

Arte eszenikoak hiriko zenbait auzotara iritsiko dira.
Arte eszenikoak hiriko zenbait auzotara iritsiko dira. (Getty Images)

Urriaren 5ean abiatuko da Bilboko Zirkuitua programaren denboraldi berria. Abenduaren 28ra luzatuko da eta ostegunero saio bat eskainiko du, hamar guztira.

Honako leku hauek izango dira eszenatokiak: Altamira, Basurtu, Begoña, Errekalde, Otxarkoaga, San Frantzisko eta Zorrotzako udaltegietan eta Solokoetxeko Institutua. Beraz, aitzakia egokia luzatzen du hiriko auzoak bisitzeko.

Bilboko Zirkuitua Bizkaiko hiriburuko eta inguruko antzerki taldeen jarduera sustatzea helburu duen udal ekimena da. Programaren bidez, aukera eman nahi zaie antzerki talde berriei beren lana taularatzeko eta jendaurrean erakusteko. Gainera, herritarrentzat aukera polita da hiriko eta inguruetako proposamen artistiko berri eta freskoenak ezagutzeko eta gozatzeko barrutietan.

Taldeak eta lanak

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ekimenaren edizio berrian honako talde hauek hartuko dute parte: NexoTeatro (“El violín desafinado de Ingres”), Las Paralelas (“El golpe”), Mejillon Tigre Kolektiboa (“Hitz esana”), Arimaktore (“Siempre juntos”), Luna Llena (“Tuper XXX” eta “¡Porque me oprime el corsé!”), Companya del Bac (“La Prudencia”), Bea Insa (“HELENAS ¿de Troya?”), Totum (“2113”) eta Kaleka Teatro (“Todo el tiempo del mundo”).

Aurtengo edizioan parte hartuko duten obra guztiak lehen aldiz programatuko dira Bilboko Zirkuituan, Luna Llena konpainiaren “¡Porque me oprime el corsé!” izan ezik, berriro taularatuko baita aurreko edizioan izandako arrakastaren ondoren.