Bidaiari

Turistifikazioaren kalteak pintxo bihurtuta: #WelcomeToPintxoland

#WelcomeToPintxoland. Izen ironiko hori jarri diote zenbait eragilek Donostian abiatutako ekimen bati, zeinaren helburua den hiriko Parte Zaharrak jasaten duen turistifikazioaren ondorioak salatzea.

Etxean Arrotz «jatetxearen» eskuorria.
Etxean Arrotz «jatetxearen» eskuorria. (BIZILAGUNEKIN PLATAFORMA)

#WelcomeToPintxoland ekimenaren sustatzaileek, «kanpotarrei begirako negozioetan euskara baztertzen» dutela deitoratzeko, pintxo taberna baten publizitate eskuorri ironikoak egin dituzte, euskarazko izenetan «kaleak okupatuta», «lan baldiltza kaxkarrak», «adinekoentzat oztopoak» eta «zarata eta zaborra» bezalakoak jarrita.

Bizilagunekin plataformak, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak, Parte Zaharreko Euskara Batzordeak, Alde Zaharreko Gazte Asanbladak eta Alde Zaharreko Ernaik babestutako ekintza honen baitan, pankartak jarri dituzte eta «bertako bizilagunen zein euskaldunen aurkako erasoak» salatzen dituzten 5.000 eskuorri banatu.

Euren ustetan, Donostiako saltokiak eta ostalaritza establezimenduak «gero eta bideratuago daude kanpoko bisitariei» eta gero eta gehiago hazten ari dela ohartarazi dute, auzotarren beharrak asetzera bideratutako taberna eta jatetxeak ordezkatuz.

Aldaketakc hiriko «hizkuntza paisaian»

Horren eraginez, hiriko «hizkuntza paisaian» aldaketak egon omen direla diote. «Kartetan, karteletan eta publizitatean gaztelera, frantsesa eta ingelesa dira hizkuntza nagusiak, eta euskarak gero eta presentzia gutxiago du. Euskaldunak ez dira taberna eta jatetxe horien lehentasunezko bezeroak», ohartarazi dute. Euskara «parke tematiko baten dekoratu gisa» erabiltzen dutela ere uste dute.

«Ez dugu ahazten pandemian, atzerriko bisitariak desagertu zirenean, bertako herritarrei tabernetara bueltatzeko ostalarien patronaletik egindako deia. Orduan bai, negoziorako baldintzak aldatzeko eta bertakotasunak aldarrikatzeko beharra sentitu zuten», gaineratu dute.