“Emakume arkeologoak Gipuzkoan”, ibilaldi historikoa Oiasso museoan
Gipuzkoako ikerketa arkeologikoetan emakumeek izandako garrantzia eta esparru horretan egindako ibilbidearen bilakaera jaso ditu Oiasso museoak “Emakume arkeologoak Gipuzkoan” erakusketan. Gainera, hamaika jarduera antolatu ditu.
“Emakume arkeologoak Gipuzkoan” erakusketa dago ikusgai Irungo Oiasso museoan, Gipuzkoako Diputazioko Kultura Sailak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak elkarlanean antolatuta. Martxoaren 31ra arte egongo da zabalik.
Erakusketak lurraldeko ikerketa arkeologikoetan emakumeek duten garrantzia nabarmentzen du, eta azalpen paneletan kontatzen du nola gauzatu den arkeologiaren sektore estrategikoetan sartzeko, erabat integratzeko eta lider izateko prozesua. Gainera, emakumeek aurkitutako objektu arkeologiko ugari daude, aukera «bakar eta aparteko» honetan ikus daitezkeenak.
1903an abiapuntua
Erakusketaren ibilbidea 1903an hasten da, Alfontso XIII.a Espainiako erregeak Aizpitarteko (Errenteria) haitzuloetako indusketetara egin zuen bisitaren harira. Argazki batean, lantaldean hainbat emakume ageri dira.
Pixkakana-pixkakana, emakumeen presentzia garrantzia hartzen hasten da ikerketetan, Maria Luisa Aranzadik eta Pilar Sansineneak erakutsi duten bezala, eta, 1960ko hamarkadatik aurrera, Ana Maria Muñozek (Historiaurreko lehen katedraduna) eta Lola Echaidek (Soriako Torralba eta Ambrona aztarnategietan F. Clark Howellek eta Leslie Freemanek zuzendutako kanpainetako landa arduraduna) berretsi bezala.
1980ko hamarkadatik aurrera, emakumeak gero eta espazio garrantzitsuagoak konkistatzen joan ziren, baita ikerketan garrantzi handia erakutsi duten sektoreen buru izaten ere. Gaur egun, emakume arkeologoen belaunaldi berriek etorkizun oparoa eta espezializatuagoa irudikatzen laguntzen dute.