Bidaiari

Hitzordu bereziak antolatu ditu Burdinbidearen Euskal Museoak abenduko zubirako

Burdinbidearen Euskal Museoak tren historikoen zazpi zirkulazio berezi jarriko ditu martxan abenduko zubian. Azpeitiko museoaren eta Lasaoko geltokiaren arteko ohiko ibilbidea egingo dute trenek.

Irteera bereziak egingo ditu Museoak.
Irteera bereziak egingo ditu Museoak.

Azpeitiko museoak, zehazki, honako egutegi berezia prestatu du zubirako: abenduaren 6an eta 8an, 12:00etan izango dira irteerak; abenduaren 9an, 12:00etan eta 17:30ean, eta abenduaren 10ean, 11:00etan, 12:00etan eta 13:00etan. Abenduaren 10ean emango da amaitutzat 2023ko tren historikoen denboraldia eta 2024ko Aste Santura arte ez dira berriro ibiliko, museoko arduradunek jakitera eman dutenez.

Burdinbidearen Euskal Museoak Europako tren bildumarik onenetakoa du bere instalazioetan, mota guztietako ibilgailuekin: lurrunezko tren makinak, dieselak eta elektrikoak; automotoreak eta bagoi mota desberdinak.

Makina erremintak

Era berean, Euskadiko makina erreminta multzorik osatuenetakoa eskaintzen du, Urolako Trenbidearen tailer mekaniko zaharraren bidez, eta XIX. mendearen amaieratik trenbidean erabilitako uniformeen eta munduko tren erlojuen bildumarik onenetako baten laginak ditu.

Halaber, Burdinbidearen Euskal Museoak Espainiako gerra zibilean eta frankismoan eskulan esklabo gisa erabilitako lan behartuen biktimen omenezko erakusketa bat du ikusgai modu iraunkorrean. 1937tik eta diktaduraren zati handi batean milaka gerrako preso eta, ondoren, preso komun erabili zirela erakusten du, herriak, azpiegiturak edo errepideak, urtegiak edo trenbideak eraikitzeko.

Urtero bezala, urteko azken zubian ehunka bisitari izango ditu museoak, seguruenik, opor egunak aprobetxatzen baitituzte bau bertakoek bai kanpokoek antzinako bidaiak nolakoak izaten ziren aurrez aurre ezagutzeko. Izan ere, denboran atzera egindako bidaiak direla esan ohi dute tren zaharretan ibili direnek.