Museum Cemento Rezolak ia 12.000 bisitari izan zituen 2023an
Donostiako Museum Cemento Rezolak 11.996 bisitari izan zituen 2023an, hau da, aurreko urtean baino %41 gehiago. Gainera, pandemia aurreko bisitarien kopurua hobetu du.
Donostiako Museum Cemento Rezolak, Heidelberg Materialsen jabetzakoak, joan den ekitaldiko balantzea zabaldu du. Horrez gain, aurreratu du 2024ko programazioan Chillidaren mendeurrenari lotutako erakusketa bat egongo dela ikusgai museoan, Zabalaga baserriaren birgaitzearekin lotutako materialekin osatutakoa.
2023ko programazioan aldi baterako bi erakusketa nabarmendu ditu: ‘Añorga Escolar, auzoaren aldizkaria’ eta ‘3D inprezioa. Diseinatu, fabrikatu, eraiki’, apirilaren 28ra arte zabalik egongo dena.
AñorgARTEA gunearen inaugurazioa, ‘Shanti Pagola. Marketeriaren mugan’ eta ‘Hariak Sortzen’, Añorgako Amasorrain ikastolako ikasleekin elkarlanean egindakoa, izan dira jende gehien erakarri duten beste erakusketak.
Atzerriko bisitariak
2023ko ekitaldian, gainera, Añorga auzoko kultur eragileek Europako Ondarearen Jardunaldietan programatutako jardueretan parte hartu izana nabarmendu du, baita Begiradak Ondareari film laburren jaialdiaren bigarren edizioan hainbat jatorritako lagunek parte hartu izana ere.
Bestalde, museoaren kudeatzaileek azpimarratu dute atzerriko bisitarien kopuruak gora egin duela 2022ko datuekin alderatuta; izan ere, Gipuzkoatik kanpoko bisitarien kopurua %26 igo da, batez ere Frantziatik eta Estatu Batuetatik etorritakoak.
Aurtengo programazioari dagokionez, Museum Cemento Rezolak «teknologia, ingurumena, artea, eraikuntza eta ondarea» izango ditu ardatz.
Bere jarduera pedagogiko eta tailerrekin jarraitzeaz gain, aldi baterako hainbat erakusketa antolatuko ditu, besteak beste, Eduardo Chillidaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko.
Erakusketaren izenburua izango da ‘B(as)erri’. Landa-inguruneak eta hiri-inguruak dinamizatzeko tresnak’ eta, besteak beste, Chillida Lekuko Zabalaga baserriaren birgaitzeari lotutako materialak bilduko ditu.