Bidaiari

Oiasso museoaren bisitari kopurua gorantz doa

Oiasso museoak 32.388 bisitari izan zituen 2023an, 22an baino %12,4 gehiago eta pandemiaren aurreko errekorra hautsi zuen. Gainera, Irungo Udalak jakitera eman duenez, Erromatar museoaren ‘Gordailua Oiasson’ gunean zeramikari buruzko bilduma berri bat estreinatuko da aurten.

Oiasso museoak gero eta bisitari gehiago erakartzen ditu.
Oiasso museoak gero eta bisitari gehiago erakartzen ditu. (Gorka RUBIO | FOKU)

Irungo Udalak jakinarazi duenez, 2022an Oiasso museoak izandako bisiten errekuperazio garrantzitsuaren ondoren, iazko bisitarien kopuruak 2016ko marka gainditu du, 32.021 bisitari zenbatu baitziren.

Erromatar museoko bisitari gehienak gipuzkoarrak badira ere (%65 inguru), 2023ko balantzearen arabera, nabarmentzekoa da Euskal Herritik kanpoko ikusleen presentzia ere, batez ere Madril, Katalunia, Valentzia, Aragoi eta Gaztela Leongo erkidegoetatik etorritakoena.

Eskaintza zabala urtean zehar

Arduradunen ustetan, urte osoan programatutako eskaintza zabalari esker lortu dute «arrakasta». 8.339 pertsonak bisitatu zuten erakusketa iraunkor bat eta 7.749 hurbildu ziren aldi baterako  batzuk ikustera.

Azken hauen artean, honako hauek izan dira ikuslerik gehien erakarri duten erakusketak: ‘Atlas Emocional del Bidasoa’ (otsailetik ekainera), ‘Pvro Teatro’ (udan eta azarora arte) eta ‘Mujeres arqueólogas en Gipuzkoa’ (urritik orain arte irekia).

Halaber, harrera ona izan zuten ‘Dies Oiassonis’ jaialdi erromatarrak, 5.300 pertsona erakarri baitzituen, eta Santa Elena baselizara egindako bisitek, 4.300 inguru. Bidasoako Nazioarteko Arkeologia Jaialdiak (FICAB), berriz, parte-hartzaileen «beherakada txiki bat» izan zuen, baina museoaren «erreferentziazko proposamenetako bat» izaten jarraitzen du.

2024 urterako aurreikusitako jardunei dagokienez, berriz, aurreratu dute «termen musealizazioa» amaituko dela, museoaren eta Irungo hiriaren «erakargarritasun handienetako bat» bilakatuko dena. Era berean, ‘Gordailua Oiasson’ gunean zeramikari buruzko bilduma berri bat estreinatuko dela esan dute.