Bidaiari

Gasteiz Bizikletaren aldeko Estatu espainoleko Hirien Sarean sartuko da

Gasteiz laster sartuko da Bizikletaren aldeko Estatu espainoleko Hirien Sarean. Tokiko erakundeek osatutako Elkarteak Estatuko hirien artean dinamika bat sortzea du xede, bizikleta bidezko zirkulazioa errazteko, seguruago egiteko eta garatzeko.

Hirien artean dinamika bat sortzea du xede Sareak.
Hirien artean dinamika bat sortzea du xede Sareak. (Getty Images)

Gasteizko Espazio Publikoaren eta Mugikortasunaren Batzordeak Gasteiz Estatu espainoleko Hirien Sarean atxikitzeko erabakiari oniritzia eman dio udal talde guztien aldeko botoarekin. Orain, udaleko osoko bilkurak berretsi behar du erabakia atxikipena formalizatzeko.

«Espazio horretan modu ofizialean atxikitzea erabakita, garraiobide horren erabilera errazteko eta bizikleten tradizio handiena duten udalerrien mapan kokatzeko beste aurrerapauso bat emango dugu», adoerazi dute Gasteizko Udaletxetik.

Auzoen konexioa

«Foro horretako kide izanda, hiri mailan bizikleta garatu nahi duten beste hiri batzuekin batera lan egin ahal izango dugu. Horren bidez, ideiak, proiektuak eta tresnak partekatzeko aukera izango dugu eta guztiok izango gara horren guztiaren onuradunak. Gainerakoengandik ikasi eta bidegorriekin, aparkaleku seguruekin, auzoen konexioarekin eta erregistroarekin lotutako gure politikak ezagutaraziko ditugu», gaineratu dute.

Bizikleta garraiobide osasungarri eta jasangarri gisa bultzatzearen alde Gasteizen egindako apustua Espazio Publikoaren eta Auzoen Sailak eta Ingurumen Gaietarako Ikastegiak bideratutako jardueretan islatzen da. Neurri horien guztien helburua da herritarren artean bizikletaren erabilera sustatzea, eta horrela, besteak beste, hirigunean bidegorrien sarea hobetu eta handitu da, aparkaleku seguruak egin dira eta kaleetan 30 km/h-ko muga ezarri zaie ibilgailuei.