‘Botika Magallanesen eta Elkanoren espedizioan’ erakusketa, Gasteizen
Arabako Farmazialarien Elkargoak lehen mundu birako botika irudikatzen duen erakusketa antolatuko du Gasteizen, bere 125. urteurrena ospatzeko ekitaldien barruan. ‘Botika Magallanesen eta Elkanoren espedizioan’ erakusketa Ignacio Aldecoa kultur etxean izango da ikusgai, martxoaren 18tik 23ra.
Faksimile mapak, Nao Victoriaren erreplika, zeramikazko poteak, botikak prestatzeko kutxak, astrolabioa, ontziak, espeziak eta beste objkektu batzuk biltzen ditu ‘Botika Magallanesen eta Elkanoren espedizioan’ erakusketak. Hautatutako pieza horien bidez, modu argian irudika daiteke garai hartako nabigazioa nolakoa zen eta zer sendagai, tresna eta espezia erabiltzen ziren, «haiengatik mugitu baitzen espedizioa, espeziak urrea bezain baliotsuak zirelako eta janariari eta edariari gustu exotikoa emateagatik oso gustoko zirelako», azaldu du Cecilio Venegas Badajozeko Farmazialarien Elkargo Ofizialeko lehendakari, akademiko eta erakusketaren komisarioak.
Halaber, espedizioko ibilbidean sortzen ziren gaixotasunei aurre egiteko zeramatzaten botikako 60 sendagaien inbentarioa jasotzen du, guztiak ere sendagai mineralak eta animalia eta landare sendagaiak. Hain zuzen ere, Indietako Artxiboan gordetzen zen hiru orrialdeko paper sortaz osatutako inbentario hori izan zen abiapuntu Cecilio Venegas eta Antonio Ramos akademikoek eta farmazialariek egindako ikerketaren ostean liburu bat egiteko eta, geroago, erakusketa eta bertan proiektatuko den dokumentala dokumentala eskaintzeko.
5.000 marabedi
«Paper sortan jasotzen denez, espedizioaren botikak 5.000 marabedi balio zituen, eta kopuru hori ez da batere esanguratsua ogiaren, ardoaren (50 aldiz gehiago) edo zeramatzaten erlijio objektuen balioarekin alderatzen badugu. Horrek esan nahi du garrantzi handiagoa ematen zietela erlijio elementuei medikazioari berari baino. Eta hori, garai hartan epidemiak, sifiliak, itomenak, eskorbutoa eta abar zirela-eta gaixotzen ziren arren», azaldu du Venegasek.
Akademikoak gogorarazi du XIX. mendera arte ez zela ia ezagutzen gaixotasunen jatorria, ezta zerk senda zezakeen ere. «Horregatik, humoreak orekatzen saiatzen ziren (lau likido edo humore hauez osatuta gaudela dioen teorian oinarrituta: odola, flema, bilis horia eta bilis beltza), edo, bestela, gorputzeko txarra ateratzen saiatzen ziren, libragarriak edo okagarriak erabiliz edo organismotik odola ateraz».
Sendagaiak
Ontzietan zeramatzaten sendagaien artean daude hezurretako minak edo hausturak arintzeko ukendu sendagarri bat, norbait erortzen zenean erabiltzeko, besteak beste; apostolorum ukendua, 12 sendabidez osatua, 12 apostoluen antzera, eta tuberkulosi kasuetako gongoil inflamazioetan erabiltzen zena; hauts ezagun batzuk, «perla birrinduak», bihotza, burua eta urdaila indartzeko erabiltzen zirenak.
«Triaka zen antidoto unibertsaltzat jotzen den medikamentu izarra. K.a. III. mendekoa bazen ere, eraginkor samarra zen, opioa baitzeraman konposizioan», azaldu du Venegesek.
«Osasun langile» gisa, espedizioan zirujau bat eta hiru bizargin joaten ziren, baina ez botikaria. Botika Juan Bernal farmazialari sevillarrak prestatu zuen.
Venegasek nabarmendu duenez, «espedizioaren testuingurua ikusita ulertzen da bitarteko gutxirekin ausartu zirela 70.000 kilometroko epopeia egiten, ezezagunerantz, maparik gabe, planorik gabe. Horrek guztiak egiten du balentria paregabea izatea, nire ustez, gizakia ilargira iritsi zenekoaren bezainbestekoa».
Bitxikeria horiek guztiak azalduko dira martxoaren 19an, 19:00etan, Ignacio Aldecoa kultur etxean bertan antoalturiko hitzaldian. Elkano 500 Fundazioko kide Daniel Zulaika doktoreak gidatuko du, eta, Cecilio Venegasekin batera, Javier Garcia farmazialari eta munduari bira eman dion nabigatzaileak ere hartuko du parte.