Bidaiari

‘Bidaiarien Txokoa’ apirilaren 4ean abiatuko da

Bilboko Udalak antolatutako ‘Bidaiarien Txokoa-Rincón de la gente viajera’ programa Begoñako eta Santutxuko Udaltegietara itzuliko da proposamen berri batekin apirilaren 4tik 13ra arte. Baideh Trio taldearen kontzertuarekin hasiko da.

Kartela.
Kartela. (Bilboko Udala)

Aurten, programaren 20. urteurrenean, ‘Bidaiarien Txokoa–Rincón de la gente viajera’ zikloak bidaiatzeko dauden era guztiei erreparatuko die. Hamar egunetan zehar bidaiak gustoko dutenek benetan gozatuko dute eskainitako dokumental, hitzaldi, tailer eta kontzertuekin. Begoñako eta Santutxuko Udaltegietara itzuliko da proposamen berri batekin apirilaren 4tik 13ra arte.

Baideh Trio taldearen kontzertuarekin hasiko da eta Asia erdialdeko Khorasan eskualdeko musika ekarriko du. Hitzaldietan, honako hauek hartuko dute parte: Igone Mariezkurrenak Westfjords eskualdean, Zirkulu Polar Artikotik 50 kilometrora, izandako abenturei buruz hitz egingo du; David Fernandezek eta Amaia Magureguik, berriz, hezkuntza nola aldatzen ari den eztabaidagai duen dokumental bat aurkeztuko dute; eta Josu Iztueta ‘Nairobitarra’ autobusean egindako bidaietaz arituko da.

Dokumental eta erakusketak

Begoñako eta Santutxuko Udaltegiek Mendi Film Jaialdian parte hartu duten dokumentalen emanaldi zabala ere eskainiko dute. Lan aipagarrienen artean honako hauek daude: ‘Elevated’, iazko Eskaladako Film Onenaren Saria jaso zuena, eta ‘Crying Glacier’, Mendi Film 2023 Film Labur Onenaren Saria irabazi zuena.

Programak, gainera, bi erakusketa nagusi ditu: ‘Cien lenguajes’, Amaia Maguregui eta David Fernández argazkilariena; eta ‘Gagauzia, minoría étnica en la estepa moldava’, Diego Herrera Carcedo kazetari eta argazkilariarena. Lehenengoa Begoñako Udaltegian izango da ikusgai eta Herrerako obra, berriz, Santutxuko Udaltegian. Biak apirilaren 5etik aurrera bisitatu ahal izango dira. Horrez gain, apirilaren 12an, 18:00etan, Diego Herrerak bisita gidatua eskainiko die erakusketara bertaratzen direnei.