Bidaiari

Guggenheim Bilbao Museoak 23.141 bisitari izan ditu Aste Santuan

23.141 bisitari izan ditu Guggenheim museoak Aste Santuan. Beraz, azken urteotan izandako gorantzko joera mantentzen dela argi dago. Egunero 4.628 bisitari izan dira, batez beste.

Guggenheim.
Guggenheim. (Jon HERNAEZ | FOKU)

Guggenheim Bilbao Museoak 23.141 bisitari jaso ditu Aste Santuan, ostegunetik astelehenera (martxoaren 28tik apirilaren 1era), 2023ko epealdi berean baino 42 gehiago. Egunero 4.628 bisitari izan dira batez beste, eta 5.278 ostegunetik igandera bitarteko bisitak bakarrik kontuan hartuz gero, museoko iturriek jakinarazi dutenez.

Bisitarien jatorriari erreparatuz gero, %55 Espainiako Estatutik iritsi dira, eta bereziki nabarmendu dira Madrildik (%9) heldutakoak. Kataluniatik (%12) eta EAEtik (%8) ere hurbildu dira. Baita frantsesak (%10), alemanak (%6), ingelesak (%4), italiarrak (%4) eta portugaldarrak (%3) ere. Museoak jasotako datuen arabera, Aste Santuko egunik jendetsuena ostirala izan da, martxoren 29a, 7.291 bisitariekin.

Programazio artistiko oparoa

Urteko kopuru metatua erreferentzia gisa hartuz gero, 2024. urteko lehen 13 asteetan 196.853 lagunen bisita jaso du Guggenheim Bilbao Museoak, eta bertaratu direnek programazio artistiko oparoaz gozatzeko aukera izan dute, hala nola ‘Ikurrak eta objektuak. Guggenheim Bildumako Pop artea’, ‘June Crespo. Baskularra’ eta ‘Giovanni Anselmo. Ostertzaz gaindi’ aldi baterako erakusketak, ‘Metahaven: Kaosaren teoria’ bideo instalazioa eta ‘Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako artelanak’ erakusketa iraunkorra.

Bilboko museoen bisitari kopurua, beraz, gorantz doa urtetik urtera eta, turismoak azken urteotan ezagutu duen igoera kontuan izanda, badirudi joera antzekoa izango dela etorkizunean ere.