Bidaiari

Gordailua EAEko Museoen Sistema Informatikoan sartu da

Gordailua Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare Bildumen Zentroa EAEko Museoen Sistema Informatikoan sartu da, foru erakundeko Kultura Sailak eta Eusko Jaurlaritzak 2020an sinatutako hitzarmenari esker. Geroago, Ezkioko Igartubeiti Baserria Museoa gehituko da.

Gordailuko areto bat.
Gordailuko areto bat. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Diputazioak nabarmendu du «mugarri garrantzitsua» dela Gordailua Museoen Sistema Informatikoko kide izatea, lurraldeko ondasun higigarrien ondare bildumen zentroa sortzeko ezarri zen misio «nagusietako« bat betetzen delako, hau da, «Gipuzkoako kultur ondarea herritarrengana hurbiltzea, ezagutaraztea eta zabaltzea katalogo bateratu eta irisgarri batetik».

EAEko Museoen Sistema Informatikoa 2011n sortzean helburuetako bat zen erkidegoko ondare bildumen katalogo kolektibo bat egitea. Bada, ordutik, Gipuzkoako hainbat museo sartu dira sisteman, eta bi foru museo bere kide dira aspalditik: Zumalakarregi museoa eta Euskal Itsas museoa.

Museotik

Horrela, Gordailua Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa sisteman sartuta, jendeari aukera ematen zaio Museotik hedapen atariaren bidez (https://museotik.euskadi.eus/hasiera/), «orain arte Interneten ikusgai ez zeuden bildumak» ezagutzeko.

Gordailua sisteman sartzeko prozesuak hainbat fase izango ditu. Lehenengoan, jendaurreko kontsultarako, 200 lan garaikide baino gehiago sartuko dira, diziplina askotarikoak (arte ederrak, arte aplikatuak, industria-ondareko dozenaka pieza, etnografiako ehun objektutik gora, XIX. mendeko marrazkiak eta abar); ondorengo faseetan, Interneten kontsulta daitezkeen objektuen kopurua pixkanaka hazten joango da.

Gordailuan, milaka objektu artistiko, etnografiko eta arkeologikok erakusten dute gure baserri-, hiri- eta industria-ingurunearen iragana eta oraina. Bere instalazio eta zerbitzuen bidez, haien kontserbazioa, ezagutza, erabilera eta gozamena bermatzen ditu.