Bidaiari

Hotel eta bunkerrekin babestuko ditu New Yorkek erleak

New York hiriak plaza publikoetan eta kaleetan arriskuan dauden erleentzako hotel eta bunkerrak inauguratu ditu. Bertan, elikatzeko landaredia eta beste polinizatzaile batzuk izango dituzte.
Egitasmoak argi du erleak funtsezkoak direla planetarako.
Egitasmoak argi du erleak funtsezkoak direla planetarako. (JUSTIN TALLIS | AFP)

Puerto Polinizador proiektuaren ardura duen agentziaren Hiriko Garraio Saileko idazkari Ydanis Rodríguezek adierazi du habitata sortzeaz gain, erleen mugimenduari eta portaerari buruzko ikerketak ere egingo direla.

Azpimarratu du, Nazio Batuen Ingurumen Programaren arabera, erleak funtsezkoak direla planetarako, eta biziari eusteko beharrezkoa den biodibertsitatearen funtsezko zati direla.

Habitat gutxi hiriguneetan

Erleek habitat gutxiago dituzte hiriguneetan, eta, askotan, distantzia luzeak egiten dituzte hirietako berdeguneen artean.

Rodríguezek azaldu duenez, «erleentzako etxe» horiek beste berdegune batzuekin izango dituzte loturak, eta abaraskila-erleak erakarriko dituzte, oso gutxitan pikatzen den espezie txiki bat.

«Gure kale irekiak eta plaza publikoak beti egon dira jardueraz beteta, baina aurten punturik gorena izango dira», adierazi du Rodríguezek. New Yorkeko Baratzezaintza Elkartearekin eta New Jerseyko Rutgers Unibertsitatearekin batera aurkeztu du proiektua.

Baratzezaintza Elkartea eta Garraio Saila plaza publikoetan eta kaleetan dauden landare asko aldatzen ari dira, eta landare iraunkor bihurtzen.

Bestalde, Ekologia, Bilakaera eta Natur Baliabideen Saileko irakasle Kimberly N. Russellek ikerketa egingo du, eta adierazi du erlauntzetan ezin direla erle-espezie gehienak bizi, eta horregatik «beren etxeak eraikitzeko beste material batzuk» eman behar zaizkiela.

Proiektu honen hasierako etapak zientzia izan dute ardatz, diseninatutako habitatak ahalik eta arrakastatsuen izan daitezen.

«Portu polinizatzaile horiek berdeguneekin lotzea da gure itxaropena, hirian mugitzeko eta gure loreak polinizatzeko behar dituzten baliabideak erleei emanez», esan du.

Material naturalak

“Erleentzako hotelak” material naturalez (ihiak, banbua...) egindako txoritegien antzekoak dira. Gela gisa erabiltzen dira, eta emeek habiak egin eta arrautzak jartzen dituzte.

Neguan, garatzen ari diren larbak seguruak eta erosoak izaten dira udaberrian ateratzeko prest egon arte.

Erle hondeatzaileek beren habitatetik hurbil egoteko joera dute, eta, normalean, bizi diren hiruzpalau etxadiren barruan bilatzen dute janaria. Otzanak dira eta oso gutxitan egiten dute koska.

Bunkerrak dauden jardineren barruan jarriko dira, pertsonekiko elkarreraginak gutxitzeko.