Clown Zorrotza, irrifarreak Bilboko auzoan
Clown Zorrotza topaketak irrifarreak eragingo ditu bi egunez Bilboko Zorrotza auzoan, urtero bezala. Beraz, giro bereziaz gozatu ahal izango dute auzoa bisitatzen dutenek.
Bilboko Udalak Clown Zorrotza programaren beste edizio bat antolatu du, bost ikuskizunez osatutako egitarauarekin. Saioak Zorrotza auzoko Azoka parkean izango dira maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean.
Aurtengo edizioan parte hartzen duten bost konpainietako bakoitzak publiko guztiari zuzendutako ikuskizunak aurkeztuko ditu, clown diziplina erabateko protagonista izanik. Hitzordu guztiak doakoak izango dira eta adin guztietako pertsonek gozatzeko pentsatuta daude.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Clown Zorrotza maiatzaren 31n hasiko da, 18:30ean, Teatro Sobre Ruedas konpainiaren ‘Ambicions’ ikuskizunarekin. Poesia, musika eta umorea uztartzen dituen lanean, bakoitzak bere nahiak betetzeko dituen mugei buruzko hausnarketa egingo da.
Ondoren, 19:30ean, Cris Clown artistaren txanda izango da. ‘Home’ interpretatuko du, bakardadeak pertsonengan dituen efektuak ikusarazteko komedia eta drama uztartzen dituen ikuskizuna.
Ekainaren 1ean
Ekainaren 1eko jardunaldia 18:00etan hasiko da, Goitibera Antzerkia taldearen ‘Eraitsi SL’ lanarekin. Jarraian, Cía Anna Confetti taldeak ‘A la fresca’ eskainiko du, 19:00etan. Udako gauetan freskoa hartzera ateratzen ziren amonak ditu oinarri ikuskizunak, eta eguneko pasadizoak komentatuko ditu, eguneroko edozein gertaera istorio handi bihur zitekeelako.
Amaitzeko, 20:00etan, Colette Gomette eta Anna de Lirium artistek ‘THE ONE & the one’ eskainiko dute, bi izaki xaloren portaeraren arteko kontrastearen bidez giza harremanen konplexutasunak erakusten dituen obra.