Bidaiari

Bilbo, liburuzaleen topaleku

Uda ate joka dagoenean, Bilboko Liburu Azoka egiten da urtero. Aurten, zehazki, maiatzaren 30etik ekainaren 9ra arte izango da Areatza pasealekuan. Beraz, bai bertakoek bai bisitariek, batez ere liburuzaleek, aitzakia aproposa dute Bizkaiko hiriburua bisitatzeko.

Liburu azokaren 54. edizioa izango da aurtengoa.
Liburu azokaren 54. edizioa izango da aurtengoa. (Monika del Valle | FOKU)

Euskal Herriko Liburu Ganberak antolatutako Bilboko Liburu Azokaren 54. edizioa hasiko da maiatzaren 30ean, Bizkaiko hiriburuko Areatza pasealekuan. Guztira, 53 etxola bilduko ditu ekainaren 9ra arte. Azoka Bilboko Udalaren laguntzarekin egingo da.

Areatza pasealekuan banatutako etxolek, urtero bezala, azken argitalpen nobedadeak, aurkezpenak eta literaturaren inguruko bestelako ekitaldiak eskainiko dituzte, liburuak eta egileak protagonista direla, Bilboko Udaleko iturriek jakinarazi dutenez.

‘Fondo Bilbao’ erakusketa

Ildo horretan, Bilboko Udalak bi etxola izango ditu 54. Liburu Azokan: udal argitalpenak izango dira salgai batean, eta bestean, berriz, Bilboko Liburutegien Sarearen ‘Fondo Bilbao’ erakusketa bibliografikoa izango da ikusgai.

Areatzan egingo diren jarduerekin batera, Bilboko Udalak literatur aurkezpenak eta kultur proposamenak antolatu ditu. Adibidez, Bidebarrieta Kulturgunean zortzi aurkezpen eta topaketa izango dira, eta honako idazle hauek igaroko dira bertatik: Lorenzo Silva, Noemi Trujillo, Jose Maria Gorordo, Maria Larrea, Txani Rodriguez, Virginia Mendoza, Karmele Jaio, Goiatz Labandibar, Monika Zgustova, Mira Milosevich, Lucia Etxebarria eta Rafael Santandreu.

Beraz, egunotan literatura izango da protagonista Bilboko Areatza pasealekuan, are gehiago eguraldiak laguntzen badu.