Arabak lurraldeko turismo eskaintza aurkeztuko du Europako zenbait herrialdetan
Arabako Foru Aldundiak lurraldea turismo helmuga gisa sustatuko du aurten ‘Europako lau merkatu estrategikotan’, Portugal, Belgika, Italia eta Estatu frantsesean, hain zuzen ere. Halaber, natura, ondare eta enogastronomia eskaintzaren berri emango du Espainiako Estatuko zenbait hiritan, hala nola Sevilla, Valentzia, Alacant eta Valladoliden.
Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Sailak 2024an programatutako turismo sustapeneko ekintzak azaldu berri ditu Arabako Batzar Nagusien osoko bilkuran, eta lurralderako bidaia paketeak diseinatzeko proiektu berri bat ere iragarri du, bidaia agentzia eta antolatzaileetan merkaturatzeko.
Azaldu duenez, Arabako Diputazioak eta Gasteizko Udalak joan den martxoan aurkeztu zieten turismo norakoa Madril, Bartzelona eta Zaragozako komunikabideei, bidaia agentziei eta azken bidaiariei. Horretarako, Arabako turismo baliabide garrantzitsuenen irudiak zituen trailer tematizatu bat eta turismo bulego bat jarri ziren kaleetan.
Trailer eta turismo bulego ibiltari hori Donostian izan da berriki, eta ondoren Bilbon izango da, «gure aldameneko gipuzkoar eta bizkaitarrei Arabako eskaintza erakutsi eta haiek erakartzeko».
«Aurrerago, udazkenean, Sevillan eta Alacanten aurkeztuko dugu helmuga, Forondarekin aireko konexio zuzena duten hirietan; Valentzian, Arabara bidaiariak igortzen dituzten autonomietatik laugarren merkatua; eta Valladoliden, probintzia horretatik eta Gaztela eta Leon osotik hurbileko turismoa indartzeko», azaldu du.
Kanpo merkatuei dagokienez, «Frantzia eta Portugal jorratuko ditugu, Arabara turistak bidaltzen dituzten atzerriko bi merkatu nagusiak direlako; baita Italia eta Belgika ere, hegazkin bidez Gasteizekin konektatuta baitaude. Kanpaina uda ostean zabalduko da, Toulouse hirian helmugaren zuzeneko aurkezpen bat eta Frantziako hedabideekin press-trip bat eginez».
Era berean, esan dute Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak iaz Portugalgo helmugaren aurkezpenean sortutako harremanak aprobetxatuko dituela herrialdearen sustapenari jarraipena emateko, sustapen eta publizitate ekintzak egingo dituela Charleroiko aireportuan (Belgika), eta workshop batean parte hartuko duela Bergamon (Italia).
Bidaia paketeak
Bestalde, proiektu berri bat iragarri dute bidaia agentzien eta antolatzaileen eskaintzan Arabaren presentzia indartzeko. Zehazki, Arabara bidaiatzeko hainbat produktu-pakete diseinatuko dira, Espainiako Estatuko bidaia agentzietan merkaturatzeko.
«Proiektu integrala da: batetik, hainbat iraupenetako bidaia paketeen diseinua, gure lurraldea ezagutzeko eta haren izaera, ondarea eta enogastronomiaz gozatzeko, eta, bestetik, web atari bat, pakete horiek eta lurraldeko turismo eskaintza modu praktiko eta erakargarrian erakusten dituena eta erreserbarako eta ordainketarako gune profesional bat duena bidaia agentzientzat eta touroperadoreentzat», zehaztu du Diputazioak.
Proiektua osatzeko merkataritza ekintzak egingo dira bidaia agentzietan eta antolatzaileetan, pakete horiek aurkezteko eta akordioak ixteko; fam-trip-ak egingo dira agentziekin eta antolatzaileekin; azken bidaiarien artean sustapen kanpainak egingo dira paketeak merkaturatzen dituzten agentzien eta touroperadoreen eremu geografikoetan.
Datuak
Azkenik, foru diputatuak 2024ko lehen lauhilekoko Arabako turismo datuak partekatu berri ditu. Urtarriletik apirilera 151.000 bisitari sarrera eta 342.000 ostatu gau baino gehiago izan dira, 2023ko aldi berean baino %3 eta %10 gehiago, hurrenez hurren. «Oso datu onak dira, kontuan hartuta iaz bi aldagaien errekor historikoak hautsi zirela», gaineratu du.
Gainera, nabarmendu du batez besteko egonaldia %6 hazi dela, lehenengo lauhilekoan 2,3 egunera iritsita. »Hau da, bidaiari gehiago etortzen dira, eta, gainera, denbora luzeagoan geratzen dira. Gure ostatuen okupazioak ere hobetzen jarraitzen du», esan du.