Elorrio, Gernika, Durango eta Portugalete, musika elektronikoarekin elkartuta
Ondarroa, Elorrio, Gernika, Durango eta Portugalete nolabait lotuta izango dira musikari esker abuztuan eta irailean; izan ere Dantz Point Bizkaia by BBK kultur ekimenak musika elektronikoko doako bost emanaldi eskainiko ditu herri horietako toki esanguratsuetan, aire zabalean.
Dantz Point proiektua 2019an jaio zen, musika elektroniko eta garaikideko performance artistiko eta sortzaileen bidez ondareari balioa emateko helburuarekin. Bada, orain, Bizkaira iritsiko da lehen aldiz, BBKren laguntzari esker.
Orain arte, 80 dantz point baino gehiago egin dira Lisboa, Amsterdam, Atenas, Bordele, Hondarribia, Donostia, Iruñea edo Cartagenan, «musika elektronikoari esker, komunitatearentzako esperientzia paregabe eta aberasgarriak leku berezietan eskaintzeko helburuarekin», Jokin Telleria Dantz plataformako zuzendariak adierazi duenez.
Era berean, Koldo Bilbao BBK-ko kultura arduradunak nabarmendu du Dantz Point Bizkaia by BBK «hizkuntza kultural eta musikal berriak Bizkaiko hainbat txokotara eramateko gure apustuaren adibide argia» dela. «Gure lurraldeko ondare historiko eta kultural aberatsarentzat publiko berriak sortzea lortuko da abangoardiako musikaren bidez», gaineratu du.
Dantz Point Bizkaia by BBK 2024 abuztuaren 23an hasiko da, Ondarroako Musika plazan. Guneak alde zaharraren eta itsasadarra itsasora ateratzen den tokiaren ikuspegi panoramikoa eskainiko du, eta Koldo Loira eta Celeraka bertako artistentzako agertokia izango da; Garai DJ ere arituko da. Astebete geroago, abuztuaren 30ean, zikloa Elorrion izango da, Ganondo parkean. Herriko «birika berdea» da, alde zaharra du atzean, eta BRGS, Elena Barker eta Gisa artisten emanaldiak hartuko ditu.
Irailean hiru geltoki izango ditu Dantz Point Bizkaia by BBK ekimenak. Irailaren 7an, XXI. mendeko musikaz gozatu ahal izango da 1882an eraikitako Gernika-Lumoko Pasileku plazan, Willy Kasper, Banpi eta Monika Elektrari esker; irailaren 14an Durangora iritsiko da zikloa, eta Hiike, Aitana Rodriguez eta Ared ariko dira Santa Ana plazan; bukatzeko, irailaren 21ean, Portugaleteko Santa Maria basilikaren inguruak Tronis, Miravalles eta Amaia Yanizek hartuko ditu.
Iraunkortasuna
Bost dantz point-ak doakoak eta publiko orori irekiak izango dira, BBKren eta parte hartzen duten bost udalen arteko lankidetzari esker, eta iraunkortasuna izango da ardatzetako bat, «ondarea modu berritzailean balioestea» baita zikloaren premisa, «aukeratutako lekuetan inbaditzailea izan gabe eta inguruaren harmonia errespetatuz».
Dantz da ekimenaren sustatzailea, «kultur marka eta proiektuen laborategia». 2017an sortu zen Gipuzkoan, eta dagoeneko erreferente bihurtu da musika elektronikoan, Espainiako Estatuan zein kanpoan, nazioarteko jaialdiak eta musika elektronikoaren eta abangoardiako musikaren inguruko ekitaldi sorta garatu baitu jada bost herrialdetan.
Bere ekimenen artean daude Dantz Academy aurrez aurreko eta sareko prestakuntzako zentroa, eta Donostiako Dantz Festival, uztailean zortzigarren edizioa egingo duena Tabakaleran, Donostia Arenan eta Miramongo Anfiteatroan bezalako egoitzetan.