Bidaiari

Omako Basora bisita berezia ‘Basterretxea 3 taupadatan’ programari amaiera emateko

Irailaren 28an, bisita gidatu bereziak egingo dira Omako Basoan. ‘Basterretxea 3 taupadatan’ programaren hirugarren ekitaldia izango da, euskal artista ospetsuaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko Diputazioak antolatutako egitarauari bukaera emango diona.

Programaren kartela.
Programaren kartela. (bizkaia.eus)

Bizkaiko Foru Aldundiak ‘Basterretxea 3 taupadatan’ programaren hirugarren ekintza egingo du irailaren 28an, Nestor Basterretxea euskal artista ospetsuaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko. Jarduera Omako Basoan egingo da, eta doako bi emanaldi gidatu izango dira, ordubete ingurukoak, 11:00etan eta 12:30ean, Fernando Bazeta EHUko irakaslearen eskutik. Ezinbestekoa da erreserba egitea oma@bizkaia.eus helbidean edo 94 465 16 57 telefonora deituta.

Omako Basoan zeharreko ibilbide berezi honek aukera paregabea eskainiko du Basterretxearen eragin artistikoak eta bilakaera aztertzeko, XX. mendeko erreferente kultural garrantzitsuenetako bat baita. Agustín Ibarrolaren obrako lau multzoren analisiaren bidez, Basterretxeak arte garaikidearekin duen loturan sakonduko da, baita 57 Taldean izan zuen parte-hartzean, GAUR taldearekin izan zuen loturan eta Kazimir Malevichek bere obran izan zuen eraginean ere.

‘Basterretxea 3 taupadatan’ programa

Bizkaiko Diputazioak ‘Basterretxea 3 taupadatan’ programa diseinatu du artistaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko. Programa honek funtsezko hiru une ditu, bere bizitzaren eta obraren hainbat alderdi aztertzen dituztenak: Bermeon 2024ko maiatzaren 3tik 31ra ikusgai egon zen argazki erakusketa, Arrantzaleen Museoan; Irailaren 12an Gernika-Lumon eskaini zen erbesteko Basterretxeari buruzko hitzaldia; eta, azkenik, Omako Basoan zeharreko ibilbide gidatua, irailaren 28an.

Programaren azken «taupada» honek Basterretxearen ikuspegi intimoa eta hurbilekoa eskaintzen du, artista gisa izan duen ondarea eta bilakaera aztertuz, euskal artearen ikono bihurtu arte.