Gasteizko gizarte etxeak, antzerki amateurraren elkargune

Urriaren 6tik abenduaren 22ra bitarte antzerki amateurraren eszenatoki bihurtuko dira Gasteizko hainbat gizarte etxe. Guztira, bederatzi ikuskizun eskainiko ditu Auzo Eszena programaren 13. edizioak.

Karteleko irudia.
Karteleko irudia. (Gasteizko Udala.)

Antzerki amateurra Gasteizko gizarte etxeetara itzuliko da Auzo Eszena programaren 13. edizioaren urteko bigarren eskaintzarekin. Guztira, bederatzi proposamen aurkeztuko dira urriaren 6tik abenduaren 22ra bitarte.

Udalak, urtero bezala, arte eszenikoetan modu ez-profesionalean diharduten talde eta elkarteen eskura jartzen ditu gizarte etxeetako ekitaldi aretoak eta ikuskizun bat oholtzara igotzeko behar den azpiegitura.

Egitaraua

Adin eta zaletasun guztietako ikusleentzako programazio anitza izango da urritik abendura, hala nola umorea, antzerkia, magia, bakarrizketa, komedia edota musikala. Honako hauek dira ikuskizunak eta fetxak: Urriaren 6an Baidefeis taldea ariko da Arriagan; urriaren 27an, Auskalhop Aranan; azaroaren 10ean, Kultura&Natura Salburun; azaroaren 17an, Antrokia Arriagan; azaroaren 23an, Los Criscípulos Arriagan; azaroaren 24an, Tadir Zabalganan; abenduan 1ean, Guralia Salburun; abenduan 15ean, Pánico Escenico Aldaben, eta abenduan 22an, Tercera Fila Zabalganan.

Bederatzi ikuskizun horiekin osatuko da Auzo Eszenaren 13. edizioaren eskaintza, otsailetik maiatzera bitarteko lehen zatian zortzi proposamen eskaini ondoren. Lehen denboraldiak 1.184 ikusle bildu zituen, antolatzaileek zehaztu dutenez.

Sarrerak gizarte etxeetan eta kirol instalazioetan (pilotalekuetan izan ezik) egongo dira, eta internetez ere jarriko dituzte salgai. Ikuskizun bakoitza hasi baino ordubete lehenagora arte eskuratu ahal izango dira. Sarreren prezioa 3 eta 5 euro artekoa izango da.