Bidaiari

Olabeaga eta Zorrotza arteko bidegorria, zabalik konpontze lanak bukatu ondoren

Bilboko Udalak amaitu ditu Olabeaga eta Zorrotza arteko ezponda egonkortzeko lanak eta, ondorioz, berriz zabaldu dute azpitik doan bidegorria. Obra beharrezkoa izan da 2021eko amaieran luizia gertatu zelako, baina ezin izan da orain arte egin, lursaila ez zelako udal titulartasunekoa.

Obra beharrezkoa izan da 2021eko amaieran luizia gertatu zelako.
Obra beharrezkoa izan da 2021eko amaieran luizia gertatu zelako. (Bilboko Udala)

Bertan jardun ahal izateko egin beharreko kudeaketak amaitu eta proiektuaren lizitazio, esleipen eta egikaritze izapideak amaitu ondoren, lanak egin eta amaitu dira. Obrek 220 metro koadroko eremuari eragiten diote, 376.960,78 euroko aurrekontua izan dute (BEZa barne) eta hiru hilabetean egin dira, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.

Ezponda ADIFen trenbide plataformaren eta itsasadarraren paraleloan igarotzen diren pasealekuaren eta bidegorriaren artean dago, Olabeaga eta Zorrotza artean, eta, proiektu honekin, eraikuntza definizio egokiena eman nahi izan zaio ezpondan gertatutako lur-jausiari.

Zenbait txosten

Hala, zenbait ingeniaritza bulegori eskatutako txostenak aztertu ondoren, eta geoteknian aditua den Ikerlur enpresaren analisian oinarrituta, ondorioztatu zen ezpondak azaleko haustura zuela, eta horrek eragin zuela lur-jausia bidegorriaren gainera. Luiziak ezpondaren barrenaren eta Olabeaga pasealekuaren arteko mugan zegoen harlangaitzezko horma erortzea ere eragin zuen.

Horregatik, erabaki zen ezpondaren gainazala babesteko eta finkatzeko elementu berri bat egitea, nahikoa izango zelakoan ezponda egonkortu dela bermatzeko.

Obretako lehenengo lana ezpondako sastrakak kentzea izan da, lurrik kendu gabe, trenbidean eraginik ez izateko. Ondoren, lurrari eusteko lana egin da, zulatutako errailen pantaila bat jarrita, eta, gero, belar sastrakak kendu dira, isuritako materiala kendu da eta, hortik abiatuta, soluzio egonkortzailea eraiki da. Hala, gutxienez metro bateko lodiera duen harri lubetazko azala jarri da. Amaitzeko, harlangaitzezko horma eta bidegorriaren aglomeratua birjarri dira.